Muntatu gabeko eszenatoki bat, mehatxuak eta kronika faltsu bat: Bilboko Udalak bertan behera utzi du Olatz Salvadorren kontzertua
Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.

Hamaika ikusteko jaioak gara. Euskal kulturaren munduan zer esanik ez. Olatz Salvador, Maren eta Kai Nakai musikariei gertatu zaien azkena gutxitan ikusia da gure herrian. Are gutxiago, milaka euroko aurrekontua duten jai batzuetan. Izan ere, abuztuaren 16an kontzertua egitekoak ziren hiru musikariak Bilboko Aste Nagusian. Ordea, azken unean, eta “modu txarrean”, bertan behera geratu zen kontzertua, eszenatokia muntatu gabe zegoelako. Jazotakoa xehe-xehe azaldu dute hiru musikariek komunikatu batean.
Abuztuaren 15 arratsaldean hasi zen egoera iluntzen. Email bat jaso zuten, eszenatokiaren muntaian arazoak zeudela jakinarazteko, eta hori zela eta, soinu probak atzeratu beharko zirela jakinarazteko, gauez muntatzeko lan egingo zutela esan zieten. Abuztuaren 16an, 14:00etan, eszenatokiak aurreko gaueko egoera berean jarraitzen zuela eta, agertokia jada ez zela aukera bat esan zieten, eta beste aukera baten bila ari zirela, “kamioi baten bila”, esaterako.
Segurtasun araudia
19:00etan esan zieten eszenatokiak ez zuela segurtasun araudia betetzen: “Harrituta esan genien ea nola onartu behar zuten, bada, muntatuta ez zegoen eszenatoki baten egokitasuna”. Era, berean, kamioiaren alternatiba “ezinezkoa” zela esan zieten. Eta, hemen, surrealistena: “Hala eta guztiz ere, kontzertuak aurrera jarraitzen zuela jakinarazi ziguten eta, nolanahi ere, gure erabakia izan behar zela bertan behera uztea edo ez”. Hainbat elkarrizketen ostean, bertan behera uzteko erabakia musikarien esku zegoela azpimarratu zuen udalak.
Eztabaida batzuen ostean, ekoizpen arduradunak esan zien muntaketa enpresaren lan arazoen ondorioz eszenatokia ez zegoela prest eta bertan behera geratuko zela baieztatu zuten. Ez zen, ordea, udaletxeko inor joan haiengana.
Kontzertua bertan behera geratuko zela erabakita ere, udalak oraindik ez zuen komunikaturik egin, eta hiru musikariek bideo bat egingo zutela jakinarazi zieten, euren zaleek, behintzat, jakin zezaten. Udala ez aipatzeko eskatu zieten arduradunek, eta musikariek hori bete arren, bideoa ez omen zuten egoki ikusi. Orduan, “udalbatzako hainbat kidek, urduri, iradokitzen digute ez dutela egoki ikusten, eta kolaboratuz gero, kontutan izango zutela etorkizuneko programazioetan”.
Hiru musikariek adierazi dutenez, ekintza horiek guztiak “oso larriak” dira, kargu publikoen eskutik datozen bitartean. Edonola ere, aurrera egin, eta 21:30ean bideoa argitaratu zuten haien sareetan hiru musikariek. Udala, oraindik, isilik.
Kronika ‘fake’-a, webgunean
Zentzugabekeria borobiltzeko, gaueko 00:30ean, Bilboko udalak kontzertuaren kronika argitaratu zuen, beste egun bateko argazkiarekin. “Milaka lagunek dantzatu” zutela adierazten zen bertan. Hurrengo eguneko 18:00ak arte izan zen kronika eskegita, eta orduan zabaldu zuen udalak arrazoi teknikoak argudiatuz geratu zela bertan behera kontzertua.
Hiru artistak gutxietsita, triste eta haserre sentitzen dira jasotako tratuagatik, eta hiru egunera, oraindik ez zutela udalaren barkamenik edo informaziorik jaso. “Gure lana baloratzea eskatzen dugu, beste edozeinena bezala. Gure ilusioa eta kontzertu honen aurreko lana, aurreikuspen eta erantzukizun faltak lausotu du, eta hori ezin zaigu inola ere guri leporatu”, adierazi dute.