23 pelikularekin, Zabaltegi-Tabakalera sailak munduko panoramaren argazki on bat eskainiko du

Zabaltegi-Tabakalera sailak 23 obra aurkeztuko ditu aurten: Hamabost film luze, sei film labur eta bi film ertain. 73. edizioak zazpi mundu-estreinaldi eta zinema jaialdi nagusietan –hala nola Cannesen, Berlinen, Venezian, Rotterdamen eta Locarnon– hautatutako lanak hartuko ditu.
Paz Encina, Lucile Hadzihalilovic, Luis Ortega, Hlynur Pálmason eta Gabrielle Stemmer ibilbide luzeko zinemagileen lan berriak ez ezik, hainbat egileren lehen lanak ere hartuko ditu programazioak, hala nola, Harris Dickinson aktoreak zuzendutako lehen filma, eta Zinemaldiak lagundutako hainbat filma, adibidez, Paula Tomás Marques, Jaume Claret Muxart, Sarah Miro Fischer eta György Pálfi. Bestalde, Sergio Oksmanek emango dio hasiera sailari Una película de miedo / A Scary Movie pelikularekin.
Zabaltegi-Tabakalerari amaiera emango dion lana Fiume o morte! izango da, Igor Bezinović (Rijeka, 1983) zuzendari kroaziarraren hirugarren filma, Tiger Award eta FIPRESCI sariak lortu zituena Rotterdamgo jaialdiaren lehiaketan. Ez-fikziozkoa da filma, eta 1919tik 1920ra Fiume portu hiriak Gabriele D’Annunzio poeta eta militar italiarraren esku jasandako hamasei hilabeteko okupazioa berrikusten ditu.
Dieu est timide / God Is Shy animaziozko film laburra, Cannesko Semaine de la Critique atalean aurkeztua, Jocelyn Charlesen (Frantzia, 1995) lehen lana da, eta trenez bidaiatzen ari den bikote baten beldurrak jorratzen ditu. Marrazkigintzan, ilustrazioan eta animazioan aritua, egile frantziarrak The Weeknd, L’Impératrice eta beste hainbat musika-talderentzako bideo musikalak zuzendu ditu.
Ama ez dagoelako oinazetuta dauden bi haurride dira Miharashi Sedai / Brand New Landscape film luzearen protagonistak. Yuiga Danzuka (Tokio, 1998) japoniarraren lehen lana da eta Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatu zen.
Triangle of Sadness (Ruben Östlund, Perlak, 2022) eta Baby Girl (Halina Rejin, 2024) filmetan, besteak beste, aktore gisa egindako lanagatik ezaguna, Harris Dickinson aktorea (Londres, 1996) Urchin filmarekin hasi da zinema zuzendaritzan. Etxerik ez duen gazte bati buruzko filmak Frank Dillan du protagonista nagusia eta FIPRESCI saria beretu zuen Cannesko Un Certain Regard sailean.
Bálint Kenyeresen (Budapest, 1976) film laburrek zinema-jaialdi ugaritan parte hartu izan dute (Venezia, Sundance, Cannes, etab.) eta Cannesko sail ofizialean bigarren aldiz egon da aurten The Spectacle filmarekin, ezohiko dohaina duen ijito gazte bati buruzko filmarekin, hain justu ere. Kenyeresen lehen film luze Tegnap / Hier (2018) Locarnon lehiatu zen.
Sho Miyake japoniarrak (Sapporo, 1984) Tabi to Hibi / Two Seasons, Two Strangers film luzea aurkeztuko du; bertan, pertsonaien bizitzak gurutzatu egingo dira udan lehenik eta neguan geroago. Film onenaren Urrezko Lehoinabarra irabazi berri du filmak Locarnon, eta hortxe estreinatu zuen, hain zuzen ere, bere lehen film luzea, Playback(2012). Geroagoko bere lanetako batekin, Keiko, me o sumasete / Small, Slow But Steady (2022) izenekoarekin, Berlinaleko Encounters sailean parte hartu zuen.
El Jockey / Kill The Jockey filmarekin Venezian lehiatu eta Donostian Horizontes Saria irabazi eta urtebetera, Luis Ortega (Buenos Aires, 1980) Zinemaldira itzuliko da Siempre es de noche / Always Night filmaren mundu-estreinaldiarekin; film ertain horretan, emakume gazte armatu bat eta kondizio fisiko bitxiko poeta bat etxe batean bizi dira kanpoko inorekin harremanik gabe. Zinemagile argentinarrak bere filmetako batzuk erakutsi izan ditu Made in Spanish, Horizontes Latinos eta Perlak sailetan, besteak beste; izan ere, El ángel (2018) filmarekin Perlak sailean parte hartu zuen Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatu ondoren.
György Pálfi (Budapest, 1974) New Directors sailean izan zen bere lehen lanarekin, Hukkle (2002) izenekoarekin, Cannesko Un Certain Regard atalean lehiatu zen Taxidermiarekin (2006). Hauek ere zuzendu ditu: Szabadesés / Free Fall (2014), hiru sariren irabazlea Karlovy Varyn; eta Kota / Hen, oilo bat duena protagonista absolutu, eta 2020an hautatu zutena Europa-Latinoamerika Koprodukzio Fororako; aurten Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko da, Toronton estreinatu ondoren.
Obra horietaz guztiez gainera, beste lau ere bilduko ditu sailak, ekoizpen espainiarra izanik jada iragarri zirenak duela zenbait aste. Lehenik, Schwesterherz / The Good Sister dugu, Sarah Miro Fischer (Stuttgart, 1993) egilearen lehen lana, Berlinaleko Panorama sailean estreinatua. Beste hirurak mundu-estreinaldi gisa emango dira Zinemaldian: Una película de miedo / A Scary Movie, Sergio Oksmanen (Sao Paulo, 1970) film berria, Zabaltegi-Tabakalera inauguratuko duena; El último arrebato / The Last Rapture, Marta Medina (Valladolid, 1986) gidoigile eta kazetariaren eta Enrique López Lavigneekoizlearen (Madrid, 1967) lehen obra, eta Lur Olaizola Lizarralderen (Donostia, 1988) Bariazioak / Variations film labur berria, lehiaz kanpo parte hartuko duena.