Erdian Bizi elkarteak babestu egin ditu terrazen ordenantzari aurkeztutako alegazioak

Erdian Bizi elkarteak Groseko Auzoa Eginez elkarteak ostalaritzako terrazen ordenantza aldatzeko aurkeztutako alegazioak babestu dituela jakinarazi du. Erdian Bizi elkartearen ustetan, tabernak eta kafetegiak ixteko gaur egungo ordutegiek “kalte handia dakarkie” donostiar askori, edozein auzotakoak izanda ere, loak hartzea eragozten dietelakoan.
Auzoa Eginez elkarteak planteatutako ordutegiak (beranduenez, 23:00 eta 00:00, egunaren eta urteko sasoiaren arabera) “nahikoa zabalak” dira aisia eta kontsumoa bermatzeko, eta “lasaitasun franko ekar dezakete bizilagunentzat”, auzo elkartearen ustez. Nolanahi ere, Erdian Biziren iritziz, atsedenerako eta herritarren lasaitasunerako eskubideak lehentasuna izan behar du beti aisialdirako eta jarduera ekonomikorako eskubidearen gainetik. Zentzu horretan, elkartearen ustez, udal gobernu taldeak ez ditu bere eginkizunak betetzen kutsadura akustikoari dagokionez: zirkulazioaren zarata arintzeko neurririk eza, hiriko garbiketarako makinak, etab.
Bestalde, azaldu dutenez, Auzoa Eginez elkarteak terrazek okupatzen dituzten espazio publikoei buruz egindako erreklamazioak guztiz logikoak da haien ustez, pertsonen zirkulazio eskubidea kontuan hartuta: “Iraingarria da askotan espaloiaz aldatu behar izatea zirkulatu ahal izateko, mahaiak, aulkiak eta bezeroak bidea ixten ari direlako”.