Donostiarrak Euskotren ligan jarraitzeko kanporaketa jokatuko du
Denboraldi zaila ari da izaten 'Bantxa' traineruarentzat, baina ETE ligara zuzenean jaistea saihestu dute.

Bukatu da Euskotren ligaren fase erregularra, baina oraindik kanporaketak falta dira. Irailaren 20an Bermeon eta irailaren 21ean Portugaleten izango dira, eta Donostiarrak maila gorenean jarraitzeko aukera izango du. Izan ere, zazpigarren bukatu dute liga, azken aurreko postuan. Horrela, ETE ligara zuzenean ez jaisteko helburua bete dute.
Hondarribiarekin lehia estua izan dute azken jardunaldietan, baina Bantxa hobeto aritu da, eta, azkenik, Ama Guadalupekoa ontzia izan da maila galdu duena. Pasa den asteburuan, seigarren traineru onena izan zen Donostiarra Ondarroako eta Getariako estropadetan.
Zarautz eta San Juan
Euskotren ligako kanporaketan, ETE ligako bi traineru onenak gainditu beharko dituzte: Zarautz txapelduna eta San Juan txapeldunordea. Bi arerioak oso gogorrak izango dira Donostiarrarentzat, sasoiari neurria hartu ezinda ibili direlako. Era berean, argitzeko dago traineru galiziarrek kanporaketan parte hartuko ote duten. Horrela bada, Bantxa-k lehiakide gehiago izango ditu.
Bestalde, Donostiarrak Kontxako Banderaren sailkatze estropada jokatu beharko du —araua maiatzean aldatu zenetik, lehen aldiz—. Irailaren 3an izango da, eta zazpi onenak sailkatuko dira hurrengo bi igandeetarako —irailak 7 eta 14—. Ikusteko dagoena da zer lehenetsiko duten: Kontxarako sailkatzea edo Euskotren ligan jarraitzea.
Gizonezkoak sendo
Eusko Label liga bukatzeko lau estropada geratzen dira oraindik, eta Donostiarrako gizonezkoen traineruak sendo jarraitzen du sailkapeneko hirugarren tokian. Larunbatean, hirugarren onenak izan ziren Ondarroako estropadan, eta, atzo, bosgarren postuarekin konformatu ziren Getarian.