Etxeko lehen puntua, etxekoekin
Realak Espanyolen aurka berdindu zuen atzo (2-2), Anoetan jokaturiko denboraldiko aurreneko norgehiagokan.

Liga hasi berritan, botila erdi betea eta erdi hutsa ikusten dutenen arteko dema ere abiatu da. Realak ligako bi partida jokatu ditu, eta ez du bat bera ere irabazi. Ezta bat bera ere galdu ere. Seitik bi puntu eskuratu dituzte txuri-urdinek, berdinduriko ni neurketa zeharo desberdinekin.
Atzo, Espanyolen aurka jokatu zuten Anoetako estreinako neurketa, eta 30.000 zalek baino gehiagok denboraldiko lehen garaipena ospatzea desio zuten. Ez zen horrela izan, kataluniarrek Realaren akatsak baliatu zituztelako lehen zatian bi gol egiteko. Sucicen eta defentsako lerroaren huts egiteak eragin zuen lehena, eta Jon Martin atzelariak egindako penalti inozoak bigarrena. Berez, penaltia Remirok gelditu zuen, baina epaileak errepikatzea erabaki zuen Aramburu area txikira sartu zelako Puadok jaurtiketa egiterako orduan. Noski, bigarrenean ez zuen barkatu.
Garaipenaren desioa zeharo zapuztu zela pentsatuko zuten aipaturiko zale horietako askok. Ordea, etsipenari aurre egiteko gai izan zen Reala bigarren zatian. Sergio Francisco entrenatzaileak aldaketekin asmatu zuen. Jon Gorrotxategi euskarriaren debutak eta Orri Oskarsson aurrelariaren goseak taldea suspertu zuten. Ander Barrenetxeak gola egin zuen markagailuko aldea murrizteko, eta Oskarssonek jokaldi bikain bat borobildu zuen berdinketa lortzeko. Are gehiago, txuri-urdinek irabazteko aukera paregabe bat izan zuten. Zelairatu berria zen Brais Mendezek beste pizgarri bat eman zion taldeari, eta berak izan zuen hirugarren gola egiteko aukera. Tamalez, Dmitrovic atezainak zapuztu zuen, geldiketa onarekin.
Azken minutuetan, txuri-urdinak garaipena eskuratzen saiatu ziren, eta Espanyol berdinketarekin konformatu zela zirudien, denbora galtzen ibili zirelako. Dena dela, azken jokaldian hiru puntuak lortzeko zorian izan ziren, baina ez zuten zorionez Remiroren ate aurrean asmatu.
Bi jardunaldi jokatuta, goiz da ondorioak ateratzeko, gabeziak behar bezala seinalatzeko, eta indargunerik bada, horiek nabarmentzeko. Horrela ere, pixkanaka egiten eta hazten ari den taldea dirudi Realak, eta, horretarako, pazientzia behar da, futbol modernoak ulertzen ez duen zerbait.