Jon Pacheco Alavesen ariko da utzita

Realak lehen taldeko jokalarien zerrenda fintzen jarraitzen du. Jon Pacheco erdiko atzelari nafarrak Alavesen jokatuko du utzita denboraldi honetan. Duje Caleta-Car kroaziarra fitxatu izanaren ondoriotzat har daiteke erabakia. Pachecok Gasteizko taldean pilatu beharko ditu minutuak, Sergio Francisco entrenatzaileak beste jokalari batzuk lehenetsi dituelako.
Egiari zor, espero ez zen mugimenduetako bat da nafarrarena, nahiz eta azken egunotan Alavesera joan zitekeela zabaldu hainbat kirol kazetek. Horiek horrela, atzeko erdiko lerrorako, lau jokalari hauek izango ditu: Igor Zubeldia, Jon Martin, Aritz Elustondo eta aipaturiko Caleta-Car.
Agur gehiago
Irailaren 1era bitarte, orduan bukatuko delako udako fitxaketen merkatua, agur gehiago espero dira Realean. Izan ere, dortsalik gabe eta baztertuta duten jokalari batzuek geratzeko aukera gutxi dituzte. Horiek dira Umar Sadiq aurrelaria, Sheraldo Becker aurrelaria, Javi Lopez atzelaria eta Alvaro Odriozola atzelaria. Dena dela, baliteke lau horietako batek edo bik segitzea. Bestalde, Urko Gonzalez de Zarate eta Mikel Goti jokalarien etorkizuna ere argitu gabe dago.