Plaza Berria hartu du Donostia Arraun Lagunak-ek
Euskotren liga laugarrenez irabazi du hiriko traineru onenak; hirugarrena, jarraian. Kontxako Banderan ez dute sailkatze estropada jokatu beharko.

Donostiako Udalak harrera egin zion atzo arratsaldean Donostia Arraun Lagunak-eko emakumezkoen traineruari, Plaza Berrian. Laugarrenez irabazi dute Euskotren liga, azken hiruak jarraian —2023, 2024 eta 2025—. Estreinakoa, berriz, 2021ean eskuratu zuten. Hain zuzen ere, ordutik Kantauri itsasoko trainerurik onena eta erregularrena izan da Lugañenea.
Atzo bukatu zen liga Getarian, eta Donostia Arraun Lagunak-ek estropada irabazi ez bazuen ere —bigarren sailkatu ziren Tolosaldearen atzetik—, matematikoki ziurtatua zuen txapelketa. Guztira, hamasei estropadatik hamabitan izan dira garaileak, eta hamaika bandera astindu dituzte.
Jakin bazekiten iaz ligan lorturikoa berdintzea edo hobetzea oso zaila zela –bandera guztiak irabazi zituzten, eta estropada guztiak bat izan ezik—, batez ere, lehiakide gogorragoak espero zituztelako. Hein batean, horrela izan da Tolosaldea eta Orio parez pare izan dituztelako zenbait estropadetan. Bina bandera eskuratu dituzte, baina ez dira gai izan Donostia Arraun Lagunak ligan gainditzeko.