Ibaeta Basketek 2025-2026ko denboraldiko taldea aurkeztu du
Hamar jokalariz osaturikoa da, zazpi fitxaketekin eta Donostian jarraituko duten beste hirurekin.

Emakumezkoen saskibaloi liga urrian abiatuko den arren, Ibaeta Basket dagoeneko martxan da. Gaur goizean, 2025-2026ko denboraldiko taldea aurkeztu dute Gaska kiroldegian.
Hamar jokalariz osaturikoa da. Horietako zazpi dira jokalari berriak: Hannah Jump, Irene Murua, Yvonne Ejim, Itziar Ariztimuño, Khadija Faye, Veronika Remenarova eta Paige Robinson. Aurretik zeuden eta jarraituko duten beste hiruak, berriz, Maria Erauntzetamurgil, Roso Buch eta Lara Gonzalez dira.
Aurkezpenaren ondoren, Ariztimuñok hitz egin du hedabideen aurrean. “Esperientzia berri bat da niretzako, baina ilusioa handia daukat. Aro berri bat hasteko leku aproposa da. Harrera oso ona egin didate”, nabarmendu du jokalari bizkaitarrak. “Talde oso ona daukagula uste dut, eta gogotsu gaude denboraldi ona egiteko”, gaineratu du.
Denboraldiaurrean zortzi partida jokatuko dituzte; lehena, abuztuaren 31n, Ferrolen aurka, haien pistan.