Jennifer Lawrence aktoreak Donostia saria jasoko du
Donostiako Zinemaldiak estatubatuarraren ibilbidea aitortuko du irailaren 26an, Kursaalean egingo den gala batean.

Irailaren 19tik 27ra bitartean egingo da 73. Donostiako Zinemaldia, eta Jennifer Lawrence aktore eta ekoizle estatubatuarrak Donostia sarietako bat jasoko du. Irailaren 26an Kursaalean egingo den gala batean emango diote oroigarria. Ondoren, Die My Love bere azken filma eskainiko dute, Lynne Ramsayk zuzendurikoa eta aurtengo Cannesko Zinemaldian estreinaturikoa.
Lawrence Oscar sari bat irabazi duen aktore, ekoizle eta aktibista da. Besteak beste, Silver Linings Playbook, American Hustle (Oscar saria eman ziona), Don’t Look Up eta Joy film txalotuetako protagonista izan da, The Hunger Games trilogiaz gainera.
2018an, Lawrencek Excellent Cadaver ekoiztetxea sortu zuen, istorio ausartak kontatzeko eta hausnartzera bultzatzeko. Justine Ciarrocchirekin batera, Lawrencek kritikaren harrera oso ona izan duten proiektuz osatutako zerrenda dinamiko bat garatu du, Causeway, No Hard Feelings eta Zurawski v. Texas eta Bread & Roses dokumental txalotuak barne hartuta, azken hori Peabody sari ospetsuarekin aitortua.
Excellent Cadaver ekoiztetxearen azken proiektua Die My Love eleberriaren egokitzapena da, eta aipatu moduan, filma Donostian proiektatuko dute. Robert Pattinson, LaKeith Stanfield, Nick Nolte eta Sissy Spacek dira protagonistak. Zinema aretoetan, berriz, azaroaren 7an estreinatuko da.