Maitane Etxeberria eta Anne Erauskin dira Bera Beraren kapitain berriak

Bera Bera eskubaloi taldeak Alba Menendez eta Esther Arrojeria kapitainen ordezkoak iragarri ditu: Maitane Etxeberria eta Anne Erauskin. Biak dira taldearen kapitain berriak, eta hemendik aurrera aldagela kudeatuko dutenak.
Etxeberriak 28 urte ditu eta klubean urte gehien daraman jokalaria da. Lezoarrak hamahirugarren denboraldia egingo du Bera Berarekin, 16 urterekin debuta egin ondoren 2013ko irailean. Gipuzkoarra hirugarren kapitaina zen, baina orain ardura nagusia bere gain hartu du. Haren alboan izango du Erauskin. Ermuakoak laugarren denboraldia egingo du Donostiako taldearekin, eta nabarmen hazi da jokalari gisa.
“Alba eta Estherren hutsunea sentitzen dut, nire kirol ibilbide osoa beraiekin egin dudalako. Dena dela, Anne taldekide onena da lan hori konpartitzeko”, adierazi du Etxeberriak. “Menendezek eta Arrojeriak jarraitu beharreko bidea erakutsi ziguten, eta hori jarraitzen saiatuko gara”, gehitu du Erauskinek.
Kapitainek garrantzia berezia dute Bera Beran, eta hainbat aldaketa izan dituzte alor horretan. Tati Garmendia eta Esme Lopez batera erretiratu zirenean, Matxalen Ziarsolo eta Eider Rubio izan ziren lekukoa hartu zutenak. Garmendia 2013an erretiratu zenean, Eli Pinedok hartu zuen tokia Ziarsoloren ondoan. Gerora, biak 2016an kluba uzterakoan, Menendezek hartu zuen kapitainaren ardura.