Urko Gonzalez de Zaratek Reala utzi du, eta Espanyolen ariko da

Agurren zerrendara batu da Urko Gonzalez de Zarate jokalari gasteiztarra. Reala uztea erabaki du Espanyolekin sinatzeko. Klub txuri-urdinak mugimenduaren xehetasunik eman ez badu ere, kataluniarrek bost milioi inguru ordainduko dituzte arabarrarengatik. 2030. urtera arte sinatu du haiekin.
Euskarri postuan dagoen lehiakortasunarengatik joan da Gonzalez de Zarate. Baita ere, Sergio Francisco entrenatzaileak beste bi jokalari lehenetsi dituelako: Beñat Turrientes eta Jon Gorrotxategi. Pasa den sasoian, Espanyolen utzita aritu zen erdilari gasteiztarra, minutu asko jokatu zituen eta garrantzitsua izan zen kataluniarrentzat. Horrek ere bultzatu du erabakia hartzera.
Klub txuri-urdinak gogoratu duenez, kadetea zela iritsi den Zubietara. 2020-2021eko denboraldian lehen taldearekin debuta egin zuen Anoetan, Real Madrilen kontra. Ordutik, hamasei partida ofizialetan parte hartu du, ligan, kopan eta Europa Ligan.
Harrobiko bosgarrena
Gonzalez de Zarateren agurrarekin, dagoeneko bost dira lehen taldea utzi duten harrobiko jokalariak. Martin Zubimendi Arsenalera joan zen, Jon Magunazelaia Eibarrera eta Jon Ander Olasagasti Levantera. Aldiz, Alavesen utzita ariko da Jon Pacheco.
Astelehenean bukatuko da udako fitxaketen merkatua, eta harrobiko beste jokalari batzuen etorkizuna argitu gabe dago. Esaterako, Jon Karrikaburu beste talde batera utzita joateko aukerak daudela zabaldu dute kirol kazeta batzuek.