«Auzoa eraiki» eta gozatzeko festak prestatu dituzte Txomiñenean
Hiru eguneko jaiak dira Txomiñenekoak, eta ez dira nolanahikoak. Irailaren 5etik 7ra bitarteko asteburu luzean, kirola, musika, jolasak... Hamaika aukera izango dituzte adin guztietako auzotarrek eta bertaratzen direnek jai giroan murgiltzeko.

Iraileko lehen asteburuarekin batera jaiak heltzen dira Txomiñenera; eta aurten, salbuespenik ez da. Jardueraz beteriko hiru eguneko festa trinkoak dira, irailaren 5etik 7ra, eta azken ukituak eginda, bi aste lehenagotik dena prest du jai batzordeak. Betiko jarduerei eutsi, berriak gehitu, eta gainbeheran zetorren baten bat kenduta, Arteleku plazan adin guztietako lagunek izango dute bere neurrikorik, bereziki, haurrek.
Txupinazoarekin hasiko dituzte jaiak ostiral arratsaldean, eta aurten aitortza egingo diote jaietako kartel lehiaketaren irabazleari. Bestelako aintzatespen bat ere prest du jai batzordeak, baina ezustekoa izatea nahi du. Hortik aurrera, urteroko zereginekin gozatzeko aukera izango dute auzotarrek: haurrei puzgarriak gustatzen zaizkie, adinekoei, berbena; toka eta bote txapelketetan giro polita sortzen da; futbol finalek jende asko erakartzen dute; goizetan gauza xumeak badaude ere, ondo funtzionatzen dute… Heldu diote gainbeheran datorren mus txapelketari, baina Maitasunaren Tonbola kendu dute, «festa giroa eteten» zuelako.
Klasikoez gain, berritasunik ere bada. Iaz, helduen krosa egin zuten lehenengoz, ibaiertzeko parkean; aurten, 5,6 kilometroko ibilbidea moldatu dute, Arteleku plazako festa gunea sartuta. Gainera, haurrek ere izango dute beren aukera, I. Haur Krosa eta minimoto lasterketan. Artisautza azoka, parrillako pintxo-potea eta zurezko jolasak ere estreinakoz egingo dituzte; eta «aldatzeko», DJ saioei Rock Kam Broom taldearen kontzertua gehitu diete. «Ea jende gehiago datorren, dirua txosnan ateratzen baitugu», dio jai batzordeko Ana Lopezek.
Jaiak antolatzeko ardura dozena bat lagunek osatutako talde batek du. «Betiko» auzotarrak dira gehienak, nahiz eta etxe berrietara etorritakoak ere badiren. Edonola, beti badituzte gauzak atontzen esku bat botatzeko prest daudenak, «ezinbestekoak». Urteak daramatzatenetakoak dira Lopez, Amaia Karrera, Jasone Fernandez eta Javi Rey. Azaldu dutenez, «auzoa egiteko» antolatzen dituzte jarduerak. Karreraren hitzetan, «auzo oso familiarra da, txikia, jaiotzetik denok elkar ezagutzen dugu… Dinamika horretatik gatoz eta lotarako erabiltzen duen jendea etorri zaigu. Zaila da mantentzen».
Kosta egiten zaie, ordea, diruz lagunduko dutenak topatzea, auzoan ez baitago komertzio gehiegi; eta kexu dira udalaren diru laguntzarekin: «Hutsaren hurrengoa da egiten ditugun jarduera guztientzat». «Ulergaitza» zaie horren auzo handiak horren diru gutxi izatea. Edonola, ahalegintzen dira jarduerak doakoak edo «salneurri sinbolikoaren» truke egiten, are gehiago, haurrez betetako gunea izanik. Urtero eskaintzen dizkiete barrakak, baina uko egiten diete antolatzen dutena «despistatzen» duelakoan, «jendeak egiten dugunaz gozatzea nahi dugu».