Aiara Agirrezabala gazteak eman dio lehen puntua Realari
Emakumezko taldearen berdinketa da txuri-urdinen asteburuko emaitza esanguratsuena.

Etxeko jokalarien aldeko apustu garbia egin du emakumezkoen Realak, eta berehala hasi da fruituak jasotzen. Aiara Agirrezabala gaztearen bi golei esker, puntu ona lortu zuten atzo txuri-urdinek Madrilen zelaian (2-2). 16 urte ditu Berastegiko ezker hegaleko atzelariak, eta errekorra ezarri du ligan; gazteena da partida batean bi gol egiten.
Realak hiru puntuak lortzeko neurketa jokatu zuen, 0 eta 2 jarri ziren markagailuan, baina etxekoek berdintzea lortu zuten azken txanpan. Horrela ere, Arturo Ruiz entrenatzaile berriak beste izaera bat eman dio taldeari, eta hark aitortu duenez, oraindik martxa hartzen ari dira.
Porrot mingarria
Gizonezkoen Realak, berriz, galdu egin zuen larunbatean Oviedoren aurka (1-0). Orain arteko norgehiagoka kaskarrena jokatu zuten txuri-urdinek, eta futbol selekzioen etenaldira eskas samar iritsi dira. Izan ere, bederatzi puntutik soilik bi batu dituzte, Valentziaren eta Espanyolen kontra berdinduta.
Dena dela, Carlos Tartiere zelaian jokaturiko partidak gabezia gehienak azaleratu zituen. Pasa den sasoi amaierako berberak dira: gol falta eta defentsako lan ahula. Lehen 40 minutuetan nagusi izan arren, ez zuten ate aurrean asmatu, eta Oviedok bai. Akats larri batek taldea kondenatu zuen. Hassan azkarra atzelariei iskin egin, Dendonckerri erdiratu eta honek Remiro gainditu zuen. Ordutik aurrera, ohiko mamuek irentsi zuten Reala, eta ez ziren ezertarako gai izan. Porrotarekin alarma guztiak piztu ez diren arren, taldearekiko kezka nabarmen hazi da.
Berdinketa garrantzitsua
Realaren bigarren taldeak pasa den ostiralean jokatu zuen Anoetan, eta gutxigatik ez zuten Almeria mendean hartu. Markagailuan bi aldiz aurreratu arren —Mariezkurrenak penalti bidez eta Carrerak burukada eder batekin—, andaluziarrek berdintzea lortu zuten (2-2). Urtero lehen mailara igotzeko lehian aritzen da Almeria, beraz, garrantzitsua da txuri-urdinek lorturiko puntua.