Kontxari begira jarri da Donostiarra
Galiziako uretan laugarren eta hirugarren izan ondoren, Kontxako estropada eremuan ariko da 'Torrekua II' trainerua.

Bi jardunaldi falta dira Eusko Label liga bukatzeko, eta Donostiarrak ia ziurtatua dauka hirugarren postua. Asteburuan Galiziako uretan aritu da Torrekua II ontzia, eta maila onean aritu dira.
Larunbatean, laugarren izan ziren Bueun, Oriok irabazitako estropadan. Atzo, berriz, hirugarren tokian sailkatu ziren, berriz ere, Oriok eskuratu zuen banderan. Dagoeneko ligako txapeldunak direnek ez zuten papurrik utzi.
Kontxa eta Kontxako badia, ordea, bestelakoa izatea espero du Donostiarrak. Estropada eremu horretan jokatu zen ligako banderan, Donostiarra izan zen onena. Kontxan hori bera errepikatu beharko dute 75 urte luzeko lehorteari bukaera emateko. Izan ere, Esperanza ontziak 1950. urtean irabazi zuen hiriko traineru batek lortu duen azken bandera.