Yangel Herrera venezuelarra fitxatu du Realak
2030. urtera arte sinatu du txuri-urdinekin, eta Gironari hamaika milioi euro ordaindu dizkiote.

Realak hirugarren fitxaketa baieztatu du. Yangel Herrera erdilari venezuelarrak 2030. urtera bitarte sinatu du talde txuri-urdinarekin. Girona taldetik dator, eta harengatik hamaika milioi euro ordaindu ditu Realak. Milioi bat euro gehiago jasoko dute kataluniarrek adosturiko beste helburu batzuk betetzen badira.
Sergio Francisco entrenatzaileak eskaturiko erdilari profila betetzen du Herrerak. Baloiak lapurtu eta azkar mugitzen dituen jokalari sendoa da 28 urteko venezuelarra. Dena dela, min hartuta iritsi da Donostiara, eta ez dago argi noiz egin ahal izango duen debuta Realarekin.
Herrerak ibilbide luzea darama futbolean. Monagas eta Atletico Venezuela taldeetan hasi zen jokatzen, eta Manchester Cityk fitxatu zuen 2017an. Ordea, ez zuen sekula jokatu haiekin. Ordutik, utzita aritu da New York Cityn, Huescan, Granadan eta Espanyolen. Gironan ere utzita aritu zen 2022-2023ko denboraldian, eta kataluniarrek fitxatu egin zuten. Hiru denboraldi egin ditu Gironan. Bestalde, Venezuelako selekzioan lekua egina du Herrerak, eta Jon Mikel Arambururekin bat egin du Realean ere.