Isak txuri-urdin ohia da Premier Leagueko fitxaketa garestiena
Realak beste zortzi milioi euro jasoko ditu, Newcastlek aurrelari suediarra Liverpooli saldu ondoren.

Futbol modernoaren beste ezaugarrietako bat da mugitzen den dirutza, maiz, neurriz kanpokoa. Alexander Isak txuri-urdin ohiarengatik 150 milioi euro ordaindu dizkio Liverpoolek Newcastle taldeari, eta, horrela, Premier Leaguearen historiako fitxaketa garestiena da.
Kopuru horretatik zortzi milioi inguru jasoko ditu Realak, aurrelari suediarra Newcastlek fitxatu zuenean, etorkizuneko salmenta baten %10eko plusbalio bat adostu zutelako haiekin. Duela hiru urte, 70 milioi euro ordaindu zizkioten talde txuri-urdinari, helburuen araberako beste bost milioi euroko aldagarriekin.
Isak 2019ko udan iritsi zen Donostiara, Realak 6,5 milioi euro ordaindu ostean Alemaniako Borussia Dortmund taldeari. Bi urte beranduago, 2021ean, beste zortzi milioi ordaindu zituzten jokalariaren eskubide guztiak lortzeko. Suediarrak 17 gol egin berri zituen ligan, eta jabetza osoa eskuratu zuten.