Soler etorri da, eta beste bi joan dira; Becker eta Traore

Irailaren 1eko gauerdian bukatu zen udako merkatua, eta Realak aurreneko lasaitua hartu duela esan genezake. Azken orduetan, ongietorri bat eta bi agur iragarri zituzten. Carlos Soler valentziarra da txuri-urdinen laugarren eta azken fitxaketa. Aldiz, Hamari Traore maliarrak eta Sheraldo Becker surinamdarrak Reala utzi dute.
Solerrengatik sei milioi euro inguru ordaindu dizkiote Frantziako PSG taldeari. Erdiko eta aurrealdeko jokoa indartzeko ekarri dute, eta Yangel Herrera beste fitxaketaren osagarritzat har daiteke. Bi horiekin batera, gogoratu behar da Realak Duje Caleta-Car atzelaria eta Gonçalo Guedes erasoko hegalekoa fitxatu dituela.
Traorek, berriz, Frantziako ligara itzultzea erabaki du, Paris FC taldearen bidez. Harengatik 4,5 milioi euro ordaindu dizkiote Realari. Beckerrek Donostiatik joatea erabaki duen arren, ez da oso urrutira iritsi, Iruñeko Osasunan ariko delako. Gorritxoek ez dute ezer ordaindu fitxaketagatik, eta helburu batzuen araberakoa da txuri-urdinei pagatuko dietena.
Guztira, beraz, bederatzi jokalarik utzi dute Reala. Aipaturiko biekin batera, beste zazpiak hauek dira: Jon Magunazelaia (Eibar), Jon Ander Olasagasti (Levante), Martin Zubimendi (Arsenal), Carlos Fernandez (Mirandes), Jon Pacheco (Alaves), Urko Gonzalez de Zarate (Espanyol) eta Javi Lopez (Oviedo).
Sadiq eta Odriozola
Klub txuri-urdinak mugimendu gehiago espero eta nahi zituen, batez ere, agurrei zegokienean. Ordea, Umar Sadiq aurrelari nigeriarra saltzeko ahaleginak kamustu egin ziren merkatua itxi baino minutu batzuk lehenago. Valentziara joateko aukera baztertuta, Girona prest agertu zen Sadiqen alde egiteko, baina eskaintza ez zen nahikoa izan. Alvaro Odriozola atzelari donostiarrak ere Reala uzteko eskaintza batzuk zituen, baina ez zuen adostasunik lortu.
Horiek horrela, eta beste liga batzuetako merkatua itxi ez bada ere —Saudi Arabiakoa, Qatarrekoa eta Turkiakoa—, Realak 27 jokalari ditu lehen taldean. Oraindik, beraz, atea zabalik dago, eta posible da kopuru hori gutxitzea.