Donostiarra lehen aldiz ariko da Kontxako Banderaren sailkatze estropadan
Guztira, 21 traineruk parte hartuko dute 18:00etatik aurrera, eta zazpi azkarrenak sailkatuko dira datozen bi igandetarako.

Emakumezkoen Kontxako Banderaren araudia aldatu osteko lehen sailkatze estropada jokatuko dute gaur arratsaldean. Donostiarra estreinako aldiz ariko da, Euskotren ligan Donostia Arraun Lagunak txapeldunaren atzetik geratu ondoren. Izan ere, ligako traineru donostiar onenak aurrerantzean ez du sailkatze estropada jokatu beharko.
Horiek horrela, gaur argituko da zein beste zazpi ontzi ariko diren Arraunekin batera Kontxako Banderaren bi jardunaldietan. 18:00etan abiatuko da sailkatze estropada, eta 21 traineruk parte hartuko dute. Euskotren ligako Tolosaldea, Orio, Zumaia, Astillero, Hibaika eta Hondarribia ariko dira. Hondarribia izan ezik, gainerakoak aurretik izan dituzte ligan —bost zehazki, Arraun sailkatua alboratzen badugu—. ETE ligatik, berriz, Zarautz —txapeldunak—, San Juan, Kaiku, Ondarroa, Deustu, Isuntza eta Hernani ontziek parte hartuko dute. Azkenik, Galiziako ligako Chapela —txapeldunak—, Tiran, Cabo da Cruz, Mecos, Bueu, Rianxo eta Castropol —asturiarrak— ariko dira.
Arerio zailak
Donostiarrak arerio zailak izango ditu zazpi onenen artean sailkatzeko. Taldeak arraunlarien joan-etorri asko jasan ostean, denboraldia oso gogorra izaten ari da Bantxa ontziarentzat. Ikusteko dagoena da Kontxako Banderari merezi duen garrantzia emango dioten edo Euskotren ligan jarraitzeko kanporaketak lehenetsiko dituzten.
Gogoratu behar da iaz bigarren bukatu zutela Kontxako Bandera, eta ez zuten sailkatze estropada jokatu.