Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik hiriko euskaltegietan
Donostiako Udalak 440.000€ bideratuko ditu 2025-2026 ikasturtean donostiarrek euskara ikas dezaten

Donostiako Udalak, hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei, beste urte batez. Hori gogoratzeko, azken urteetan egin duten moduan, #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.
Jon Insaustik, Kulturako, Euskarako eta Turismoko zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina. Insaustik adierazi du kanpainaren leloak “ezin hobeto” jasotzen duela zabaldu nahi den mezua, “eta horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera. #euskaldunízate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.
Kanpainaren zabalkundea egiteko, aurten bi bideo mota egin dira. Alde batetik, modu orokorrean, bi protagonista dituen bideoa: Oihana Fernandez de Barrena, afrikar sustraiak dituen euskalduna, aizkolaria eta abeltzaina eta Imanol Agirretxe Realeko jokalari ohia eta Sanseko bigarren entrenatzailea. Bi protagonista hauek euskaltegietan matrikulatzera eta euskara ikastera dei egiten dute. Beste alde batetik, modu partikularragoan, euskaltegian dabiltzan ikasleekin grabatutako bideoak ere zabalduko dira, euskaltegi bakoitzaren irudiekin.
Komunikabideetan eta hiriko beste zenbait euskarritan presentzia izango duen arren, kanpainari bultzada berezia emango zaio bi bideo hauen bitartez mundu digitalean, bereziki sare sozialetan: hizkuntzen arteko jokoaren bidez bi hizkuntzetako hiztunei erreferentzia egitearekin batera, #euskaldunízate traolarekin sarean kokatu nahi da kanpaina.
“Eskaintza zabala eta behar guztietara egokitua”
Ikastaro eskaintza zabala dute euskaltegi eta zentro homologatuek. Alde batetik, ikasturte osoan zehar ematen diren euskara ikastaro arruntak eskaintzen dituzte edozein herritarren beharretara egokitzen diren ordutegiekin: astean maiztasun eta ordu gutxiko ikastaroetatik hasi eta eguneko 3 eta 5 orduko ikastaro intentsiboetaraino.
Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen jarraituko dute euskaltegiek. Online ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien irizten dion ordutegian. Horri gehitzen zaizkio zenbait tutoretza edo mintza-saio.
Donostiako Udalak 440.000 € bideratuko ditu euskara ikasteko diru-laguntzetara
Aurrekontuari dagokionez, 2025-2026 ikasturteko ikastaro arruntetarako 305.000 € bideratuko dira euskara ikasteko diru-laguntzetarako. Horrez gain, 135.000 euro bideratuko ditu udalak aipatutako xede bereziko ikastaroak diruz laguntzeko.
Beste alde batetik, azpimarratzekoa da, Eusko Jaurlaritzak, HABEk, iaz A1 mailarekin egin zuen bezala, aurten A2 mailan euskara ikasteko eman duen urratsa. Bi maila hauetan, ikasleek matrikularen zati txiki bat ordaindu beharko dute bakarrik (ordu bat 0,6 euro). Eta gainera, ikasturte amaieran dirua itzuliko zaie, baldin eta euskaltegiak A1 edo A2 maila aitortzen badio eta asistentzia, gutxienez, %75ekoa izan bada.
Urrats hau beste mailetan ere doakotasunerantz emandako urratsak indartzera dator, izan ere, ikasleek ordaindutako matrikula arrunta berreskuratu dezakete baldin eta maila horiei dagokien gaitasuna eta egiaztapena lortzen badute.
2024-2025eko ikasturteari dagokionez, Donostian neguko ikastaro arruntetan aritu diren herritarren artean, 994 lagunek egin dute Euskara Zerbitzuan dirulaguntza jasotzeko eskaera. Horiez gain, udako ikastaroetan aritu direnentzat eskaera egiteko epea irailaren 30ean bukatuko da, eta orain arte 94 lagunek egin dute eskaera.. Azpimaila bat gainditu eta %75eko asistentzia izan dutenek jasoko dute dirulaguntza. Dirulaguntza hauen ordainketa 2025eko udazkenean egingo da, behin HABEk bere deialdiari dagokion dirulaguntza ordainketa egin eta gero.