Donostiarra, beste zazpi ontzien zain
Gizonezkoen Kontxako Banderaren sailkatze estropada jokatuko du gaur, 18:00etatik aurrera.

Beste zazpi traineruak zein izango diren jakitea falta zaio Donostiarrari. Gaur argituko da hori, gizonezkoen Kontxako Banderaren sailkatze estropadan. Guztira, 21 traineru ariko dira lehian, 18:00etan hasita.
Ligan aurretik dituztenak ariko dira, tartean, Orio txapelduna. Baita ere, azken estropadetan arerio zuzen izan dituzten Zierbena, Urdaibai, Getaria eta Hondarribia. Ezustekorik izaten ez bada, horiek denak Kontxako Banderarako sailkatuko dira. Dena dela, zein ontzik osatuko dute zazpikoa? Lekeitio eta San Juan izan daitezke beste biak, baldin eta besterik aurreratzen ez bada.
Pasa den urtean, Kaikuk eta Cabok lortu zuten sailkatzea, kinieletan agertzen ez baziren ere. Aurten, berriz, itsasoak erakutsiko du erlojuaren kontrako saioan ezustekorik baden.
Banderaren bila
75 urteren ondoren, Donostiarrak urteurren berezi hori borobiltzeko aukera du. Izan ere, 1950ean irabazi zuen gizonezkoen azken Kontxako Bandera hiriko traineru batek. Esperanza kirol elkartea izan zen, oraindik oinordekorik ez duena palmaresean. Donostiarra izango ote da? Azken urteotan, lau onenen artean egonkortu da Torrekua II trainerua, eta 2022an bigarren izan ziren, Urdaibairen atzetik. Iaz, ordea, hirugarren tokian bukatu zuten.