Klasikoak sailak hamabi film izango ditu Zinemaldian

Klasikoak sailak hamabi lan bilduko ditu 73. Zinemaldian, hala nola Christian-Jaque, Jorge Fons, Jose Miguel (Jomi) Garcia Ascot, Antonio Gimenez-Rico, Stanley Kubrick, Yoshimitsu Morita eta Manoel de Oliveiraren lanak. Obra horiez gain, Urrezko Maskorra irabazi zuen Furtivos (Jose Luis Borau, 1975) ere emango dute inaugurazio film gisa (mende-erdia beteko du pelikulak aurten), baita 1980ko hamarkadan Jose Julian Bakedanok, Xabier Elorriagak, Anjel Lertxundik eta Alfonso Ungriak zuzendutako euskarazko film ertainak ere.
Donostia Zinemaldiko eta Euskadiko Filmategiko arduradunek, Jose Luis Rebordinosek eta Joxean Fernandezek, zaharberritutako lanen hautaketa ezagutarazi dute Tabakalerako zinema aretoan. Elkarrekin aurkeztu dituzte Klasikoak ekimena osatzen duten hiru programazioetako kartelak: Zinemaldiaren izen bereko saila, haren atzera begirako klasikoa (edizio honetan Lillian Hellman gidoilariari eskainia) eta Euskadiko Filmategiarekin batera antolatutako hiru hilabeteko zikloa, urte honetatik aurrera urrian hasiko dena. Hiru hilabeteko zikloari dagokionez, Alfred Hitchcocken Notorious klasikoak (1946) inauguratuko du, eta Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen proiektatuko diren hamalau filmetako lehena izango da.
Horrela, guztira, Klasikoak sailean 42 film eskainiko dira irailetik abendura bitartean, klasiko nola zahar hala modernoen 124 emanalditan banatuta (film ospetsuak ez ezik, aurkikuntzak ere biltzen dira). Klasikoak, honenbestez, denboran eta espazioan hedatutako zinema klasikoko jaialdia da. Programa horrek, Jose Luis Rebordinosen hitzetan, “ez dio nostalgiari heltzen, oroitu eta memoria egin beharrari baizik”. Horren ildotik, hau azpimarratu du: “Kultur erakunde garen aldetik, zinema-jaialdiok eta filmategiok betebeharra dugu orainera ekartzeko iraganeko zinema, nola ikus-entzuleek ezagutzen dituzten klasikoak hala oraindik deskubritzeke dauden harribitxiak. Obra horiek berreskuratzeak berrinterpretazio berriak pizteko balio du, orainaldiarekin ez ezik, pelikula horiek etorkizunarekin ere lotzeko, zergatik ez”.
Klasikoak saila
Louis Jouvetek antzeztutako gizon baten mendekua da Christian-Jaqueren (1904-1994) Un revenant (1946) filmaren abiapuntua. Zuzendari frantziarrak –Cannesen zuzendari onenaren saria eta Berlinen Zilarrezko Hartza irabazi zituenak Fanfan la Tulipe (1952) filmarekin– Singoallarekin (1953) ere parte hartu zuen Donostia Zinemaldiaren lehen edizioan, eta hiru urte geroago Donostiara itzuli zen Si tous les gars du monde… (1956) pelikularekin (izan ere, atzerriko film baten gidoi onenaren saria jaso zuen).
Salma Hayek, Bruno Bichir, Ernesto Gómez Cruz eta María Rojo dira El callejón de los milagros (1994) filmaren –Klasikoak sailari amaiera emango dionak– antzeztaldeko aktorerik nabarmengarrienak. Naguib Mahfuzen eleberriaren egokitzapen ezaguna da, Jorge Fonsek (1939-2022) zuzendua, aipamen berezia jaso zuena Berlinalen. Mexikoko zuzendari ospetsuak Epaimahaiaren Sari Berezia beretu zuen Donostian Rojo amanecer (1990) filmarekin, Zinemaldiko Sail Ofizialean Los cachorros (1975) pelikularekin parte hartu eta urte batzuk geroago.
Klasikoak sailak En el balcón vacío (1961) lana ere eskainiko du, Jose Miguel (Jomí) García Ascotek (1927-1986) zuzendutako erbesteratze espainiarraren obra garrantzitsua. Mexikotik Gerra Zibileko haur errefuxiatu gisako bere iraganari aurre egin beharko dion emakume bati buruzko filma Elias Kerejeta Zine Eskolak (EQZE) zaharberritu du, Nafarroako Gobernuaren laguntzari eta Mexikoko UNAM filmategiaren lankidetzari esker.
Antonio Gimenez-Rico (1938-2021) da Vestida de azul (1983) ez-fikzioaren egilea; obra aitzindari horrek emakume transei ikusgarritasuna emateko balio izan zuen Espainiako trantsizioaren urteetan. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zion hasiera pelikulak bere ibilbideari, eta duela bi urte, estreinaldiaren 40. urteurrena ospatu zuen memoria eta aktibismo transari buruzko elkarrizketa batekin.
Barry Lyndon (1975) filmak –Stanley Kubricken (1928-1999) obra ospetsuenetako batek– anbizio handiko eta eskrupulurik gabeko gazte irlandar baten (Ryan O’Neal) gorabeherak kontatzen dizkigu. AEBetako zinemagilearen hamargarren lanak zuzendari onenaren BAFTA lortu zuen, lau Oscar sariz gainera zuzendaritza artistiko, argazki, soinu-banda eta jantzien diseinu onenen kategorietan.
Kazoku gemu / The Family Game (1983), Yoshimitsu Morita zinemagile japoniarrarena (1950-2011), komedia ziniko eta surrealista bat da, itxuraz normala den familia baten baitan ezkutatutako arazoei maisutasunez eta umorez heltzen diena. Filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema-jaialdian.
Azkenik, Manoel de Oliveiraren (1908-2015) –Portugalgo zinemaren patriarka izan zenaren– lehen lana ere erakutsiko du Klasikoak sailak. Filmak zuzentzen ia 80 urte eman zituen zinemagilaren lehen film luzea, Aniki Bóbó (1942), Duero ibaiaren ertzeko haurtzaroaren erretratua da, 40ko hamarkadako Portoko etxe, eskola eta kalexken artean.