Parte Zaharreko bizilagunak haserre, udalak ez dituelako espazio publikoaren tasak kobratzen

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu duenez, udalak jarraitzen du espazio publikoa erakustokiekin eta arbelekin okupatzeagatik dauden tasak kobratu gabe. Duela bi urtetik ari dira egoera salatzen, inolako erantzunik jaso ez duten arren. Horregatik, zinegotziaren dimisioa eskatu dute.
Auzo elkarteak laburtutakoaren arabera, merkataritza jarduera espazio publikora hedatzea arautzeko ordenantza onartu ondoren (2019), udalak urteko tasa batzuk ezarri zituen, baina “urte bakar batean ere ez zituen kobratu”. Ez egiteko arrazoia “harrigarria” eta “onartezina” suertatu zen auzo elkartekoentzat: “Ez dago baimenak, jarraipena eta tasa kobratzeko adina kudeaketa sistemarik ezta baliabide pertsonalik ere”.
Parte Zaharreko bizilagunen ustez, udalak “uko” egin zion tasa hori kobratzeari, eta horrek diru sarrerak galtzea ekarri zien donostiarrei. Salatu dutenez, gainera, orain arte, udalak ez die inolako azalpenik eman, haiek eskatu arren.
“Ez dakigu zein izan den arrazoia: Espazio Publikoaren ardura duen zinegotziaren ezintasunagatik, ahanzturagatik edo bere borondatez udal batzarrean onartutako ordenantza ez betetzea erabaki dutelako berriro gertatu den”. Egoera argitzeko eskatu diote udalari, eta gertatutakoa argitu ondoren, zinegotziak “zinegotzigoa utzi behar” duela exijitu dute, “bere geldotasunak galera ekonomikoak eta bizilagunentzako kaltea” eragiten ari delakoan.