Genozidioaren aurkako eltze-jotzea egingo dute gaur udaletxe aurrean

Gernika- Palestina herri egitasmoak eltze-jotzeak deitu ditu Euskal Herriko udaletxe guztien aurrean, gaur, hilak 5, 19:00etan. Zartagin, lapiko eta bestelakoekin sortutako burrunba horren bidez, Gazako sarraskiaren larritzea eta Europako erakundeen gelditasuna salatuko dute.
Atzo, udaletxean egindako prentsaurrekoan, Palestinaren aurkako genozidioaren areagotzeak eragindako sumindura berretsi zuten egitasmoko kideek, baita salatu ere Gazako azpiegituren suntsiketa sistematikoa, laguntza humanitarioaren blokeoa eta haur, kazetari eta medikuen aurkako eraso gero eta ohikoagoak.
Egoera horren aurrean, Israeli su etena eskatzeko unea dela uste dute, Gaza utzi eta oinarrizko azpiegiturak berreraikitzeaz gain. Era berean, Europako Batasunari eta haren kide diren Estatuei galdegin diete Israelekin dituzten harreman komertzialak etetea eta armak saltzeari uztea, eta Netanyahuren gobernuari zigorrak ezartzea.
Gaurko ekintzaz harago, datozen egunetan mobilizazioekin jarraituko dutela ere adierazi zuten Gernika-Palestinako kideek, izan ere, “beharrezkoa eta eraginkorra” dela uste dute.