«Hemengo bezeroengandik bizi gara, turismoak batzuei baino ez die dirua ematen»
Hamar urte bete berri dituen Hunky Dory lurrin dendako arduraduna da Maddalen Marzol (Andoain, 1985). Jaioterrira itzuli bada ere bizitzera, urte luzez bizi izan da Donostian, eta ondo ezagutzen du hiria, onerako eta txarrerako. Goizeko txandaren eta arratsaldekoaren artean, dendara itzuli aurretik bazkaltzeko duen denboran egin digu tartea, askotariko gaiez hitz egiteko: usaimenaren garrantziaz, bere buletinaz, metroaz, turismoaz eta abar.

Zergatik aukeratu duzu taberna hau?
Hasteko, bertako jendea ibiltzen delako —inguruko lantokietako langileak, bereziki— eta langileak oso jatorrak direlako. Gustatzen zait, baita ere, erdigunean ez delako erraza aurkitzea bazkaltzeko sekulako menua jan behar ez duzun leku bat; hemen, nahikoa prezio onean, pare bat pintxo goxo janda bazkalduta itzuli zaitezke lanera.
Hunky Dory lurrin dendako arduradun gisa ezagutzen zaitugu, baina zer gehiago egiten duzu?
Azkenaldian, dezente zentratu naiz Hunky Doryn, egia esan. Lehen, gauza gehiago egiten nituen; irratiko kolaborazioak, eta abar. Baina Andoainera bizitzera bueltatu naizenetik, segur aski adinean gora noalako ere —40 urte ditut jada—, nahi dudana da lasai bizi.
Duela urtebete inguru, buletin bat idazten hasi nintzen, gozamen pertsonalerako: Mantel de cuadros.
Zeri buruzkoa da buletina?
Egunerokoaz hitz egiten duen buletin bat da, nire ikuspegitik. Hein batean, helburua da aldarrikatzea errutina, lasaitasuna eta gauza txikiak. Uste dut saldu digutela zoriontasuna sekulako gauza handiak egiten lortuko dugulako ideia, baina gero konturatzen zara ezetz, zoriontsu izan zaitezkeela etxeko gauzak txukuntzen, betiko tabernara jaisten edo igande arratsalde batean bizkotxo bat egiten. Ustez normalak diren gauzetatik idaztea eta gauza horiek aldarrikatzea baliotsua da.
Hitz egin dezagun pixka bat Hunky Doryz. Zer garrantzi dauka lurrinak zure bizitzan?
Beti saiatu gara Hunky Doryren mezua izan dadila lurrinak eta halako produktuak gozamenerako erabili behar direla, ez edertasun produktuek sarritan inguruan duten elitismotik. Garrantzitsua da usainez disfrutatzen ikastea; janariarekin kultura asko daukagun moduan, usaimena lantzea. Agian, ez da mundu guztiarentzako zerbait, baina usaimena plazer iturri bat izan daiteke, jende askok ustiatzen ez duena. Eta lurrinekin gozatu daiteke usainez, baina baita kremekin eta kandelekin ere.
Gainera, garrantzitsua da zeure burua ondo ikustea eta egunerokoa goxoagoa egitea; konfinamendu garaian, asko nabaritu genuen hori, jendeak Internet bidez gure produktuak erosten jarraitu zuelako. Dendan, bezeroek ez dakitenean zein perfume aukeratu, esaten diet usaintzeko eta imajinatzeko astearte euritsu bat dela eta lanera joan behar dutela, ea zein perfumek ematen dien ‘ez dago hain gaizki’ esateko moduko bultzada. Hori bilatu behar duzu perfume batean, zuk disfrutatzea.
Kosmetikoak ere saltzen dituzue. ‘Sephora kids’ fenomenoak kezka sortu du azken urteotan, neska gazte askok behar ez dituzten azalerako produktuak erabiltzen dituztelako. Horri buruzko hausnarketarik baduzue?
Ez dakit nora begira dauden gurasoak, hori da lehenengo hausnarketa. Ez diegu uzten gauza txarrak jaten, baina gero 8 urteko neskato bat ari da azalean jartzen ez dakit zein krema, merke-merkea dena eta kalitate eskasekoa. Eta azala gorputzeko organo bat da, oso garrantzitsua, ondo zaindu behar dena.
Errutina jakin batzuk hartzea ondo egon daiteke, baina hortik harago dauden tontakeriek ez daukate zentzurik eta lotsagarriak dira. Kosmetikan ustezko perfekzio bat bilatu da beti: larruazaleko ildoak eta zelulitisa, adibidez, gaizki dauden zerbaiten moduan saldu izan dira, emakumeon %95ak edo %100ak ditugunean. Nola izan daiteke txarra denok daukaguna? Kosmetika zure burua zaintzeko eta mimatzeko erabili behar da, ez beste ezertarako.
«Usaimena plazer iturri bat izan daiteke, jende askok ustiatzen ez duena»
Nolakoa da Donostiako erdigunean denda txiki bat edukitzea?
Zaila [barrez]. Erakundeen aldetik oso esker txarrekoa da, baina bezeroen aldetik oso esker onekoa. Oso polita da komunitate bat sortzea zure bezeroekin, herria egiten duzulako horrela. Ordea, etxebizitzarekin arazo bat dagoen moduan, lokalekin ere arazo bat dago eta gure herrietako kaleko bizitza dendak eta tabernak dira. Ez dakit erakundeak arazo horretaz konturatzen ari diren edo ez, baina denda eta taberna txikiak ez babestea hanka sartze bat da. Gainera, erantzukizuna erosleengan jartzen da, baina erakundeek, beste hainbat mantentze eta zainketa lanetan dirua jartzen duten moduan, horretan ere dirua jarri dezakete. Ezin gara diru laguntzetatik bizi, baina erakundeen partetik saltoki txikiekiko dagoen utzikeria izugarria da.
Zuek metroaren lanak atean dituzue.
Bai, eta jendeak uste du horregatik diru laguntzak eman dizkigutela urteotan. Ez da egia: lehenengo bi urteetan diru laguntza batzuk atera zituzten, limosna bat baino gutxiago zirenak. Eta urteotan, erakundeetako inor ez zaigu etorri azaltzera nola eragingo ziguten lanek; izugarrizko deshumanizazio batetik jokatu dute.
Eta lanek eragin, eragingo zizueten, ezta? Zaragoza plazan egonda…
Eragin digute lanek, noski, askoz jende gutxiago pasatzen delako gure kaletik. Lehen, probintziako jende asko etortzen zen larunbat arratsaldea Donostian pasatzera eta halako bezero asko genituen, baina orain, lanekin, ez dira hortik pasatzen. Eta, argi esango dut: guri turismoak ez digu dirurik ematen, hotel artean bagaude ere. Turistak euria egiten duenean sartzen dira, baina ezer gutxi erosten dute. Gu hemengo bezeroengandik bizi gara, turismoak batzuei baino ez die dirua ematen. Eta, egia esan, ez dakit metroaren irteera berriak onik egingo digun.
Gainera, turista askok oso errespetu gutxi dute dendariokiko, dena beraien zerbitzura egongo balitz bezala. Hor, turista gisa, hausnartu behar dugu, Miguel Maldonado umoregileak dioen moduan: nonbaitera zoazenean, saiatu jendea ez molestatzen, besterik gabe.