Identitatea indartzeko eta elkarrekin gozatzeko egunak, Jolastokietan
Udako jaiei agur esan aurretik, aukera berri bat dute altzatarrek Jolastokietan. Ostegunean, hilak 11, botako dute traka eta suziria, igandera arte luzatuko den egitaraua abiatuz. Aurrez, ordea, izango da zereginik, eta auzotarrak deitu dituzte prestaketetan laguntzera.

Oporraldia atzean gelditu da askorentzat, baina uda amaitu aurretik festa batzuk ospatzeke dira oraindik. Altzatarrek zazpi dituzte aukera urtaroan zehar, azkenak, hilabete amaierako Arriaga serafinak. Horiekin denboraldia datorren urtera arte itxi aurretik, Jolastokietako jaien txanda izango da, hilaren 11tik 14ra bitartean. Hemen daukazue egitarau osoa.
Pasai txarangak girotutako traka eta txupinazoarekin ostegunean festa lehertuko bada ere, aurrez beste modu batera parte hartzeko aukera ere badute auzotarrek, prestaketetan lagunduta. Zeregin horiek ondo baino hobeto ezagutzen ditu Miguel Angel Diezek, hamarkadak baitaramatza auzuneko jaien ardura bere gain hartzen. «1986 urtetik. Erraz esaten da!», gogoratu du miresmena eta etsipena nahasten dituen tonuan. Izan ere, urteak dira lekukoa beste norbaiti eman nahian dabilela. Ez du erabat aldendu nahi, ezta erantzule nagusi izaten jarraitu ere. Zaila dela badaki, horregatik, jai batzordeko zazpi kideen lana aitortzeaz gain, laguntzen dietenena ere nabarmendu du. Horietako bati, Mari Carmen, aipamena egin diote aurtengo esku orrian. «Sorreratik jaietan laguntzen duen emakume bat da. Bolada bat darama gaixo eta beti izan duen laguntzeko borondateari aitortza da», azaldu du Diezek.
Sagardo Eguna eta beste
Dinamika nahiko hartuta badute ere, berritasunak barneratzen ahalegindu dira aurten ere. Hala, betiko DJ-en lekuan, Jonhytronic eta Txolas ariko dira. Horiek 1970-80ko hamarkadetako musikaz gain, egungoa ere jarriko dute, «gazteek ere parte hartzeko». Gainera, Grezian taldearen kontzertua izango da. Halaber, Nafarroako jotak, paella jatea edota bingo musikatua barneratu dituzte; herri kiroletan, Iparraldeko jolasen erakustaldia egingo dute, eta Sagardo Eguneko ekoizleak ere beste batzuk dira: Gurutzeta, Petritegi, Aburuza eta Bereziartua. Ekitaldi hori da, hain justu, jende gehien batzen dituenetako bat, eta herri afarian 80 bat lagun elkartzea ere nabarmentzekoa da. «Auzoaren tamaina kontuan izanda, asko da». Izan ere, Diezek uste du jaiak egite hutsa arrakasta badela. «38 urtez jaiak egitea gurearen moduko auzo batean…».
Haurrei begira, bi lehiaketa gehitu dituzte. Jolas Chef-en parte hartu nahi dutenek etxean prestatutako bizkotxoa, tarta edo dena delakoa aurkeztu beharko dute —plazan, azken ukituak eman edo apaintzeko aukera izango dute—; mozorro lehiaketan, aldiz, kalera mozorrotuta irten besterik ez dute egin behar.
Festak «identitatea indartu, sozializatu eta ika-mikak alboratzeko garaia» direla uste du Diezek, eta nabarmendu du orain arte ez dutela inoiz sexu erasorik izan. «Pozgarria da. Inor pasa ez dadin eta denontzat jai onak izan daitezen lan egiten baitugu»