Intxaurrondo Zaharreko pregoilaria alkate ohien artean hautatuko dute
Erramua Intxaurrondo Zaharreko kaleetan barrena zabalduko dute asteburuan, datorren asteko jaien aurrekari. Giroa piztuta, ohiko jarduera arrakastatsuak eta egitaraua aberastu duten berriak aukeran izango dituzte festazaleek hilaren 10etik 14ra bitartean.

Auzo askotako jaien hasiera antzekoa da: suziria, traka, musika; batzuetan, holi festen hauts koloretsua edota erraldoi eta buruhandien parte hartzea ere izaten da. Pregoia ere ohiko osagaia da. Intxaurrondo Zaharrean, balkoitik hitzak esateko ardura nork duen hauteskunde bidez aukeratzen dute, eta aurten, alkate ohien arteko lehia izango da, ostegunean, Erdikoa tabernan, 17:00etatik 20:00etara. Bestalde, hemen daukazue egitarau osoa.
Parodia horrekin auzotarren arreta lortu ohi dutela dio jai batzordeko kide Arritxu Larrañagak. «Txorakeria bat da, baina saltsa pixka bat sortzen da horren inguruan». Agintariak, gainera, zereginen artean, Intxaursaria emango dio jaien omenduari: Uliako Lore Baratzak. Hamar urte betetzeaz gain, aitortzaren zergatia azaldu du Larrañagak: «Auzolanetik jaiotako proiektua da eta gurekin elkarlanean aritzen den eragile bat da».
Une horren aurretik, giroa pizten joateko eta auzotarrak parte egiteko, Intxaurrondoko festen ezaugarrietako bat den Erramu Eguna gauzatuko dute bihar, hilak 6. Auzoa hala apaintzeko ohitura galzorian zela-eta gehitu zuten 2023an, eta orain arte «nahiko txukun» atera da. Asmoa jai batzordeko kideen gain erori beharrean, auzotarrek, bereziki gaztetxoek, bere egitea da, «pertenentzia eta parte izate hori zabaltzen joateko».
Gune berriak
Ohikoez gain, berritasun ugari izango dira hilaren 14a arte luzatuko den egitarauan. Esaterako, musika eskaintza zabaldu dute ekitaldi eta guneei dagokienean. Hala, txosnaguneaz gain, parkeko kioskoan bertakoek antolatutako musika eskaintza egongo da, hala nola, poesia musikatu saioa asteazkenean, hilak 10; eta Zulo Zahar elkartean ere festak eta kontzertuak egingo dituzte.
Bestalde, Lamourousekin elkarlana abiatu dute. Egoitzako arduradunen erronketako bat erabiltzaileak auzoaren parte izatea da eta jai batzordera jo zuten. «Erabiltzaileen bizitza soziala mantentzea garrantzitsutzat dute, bereziki, haien artean bakardadeari aurre egiteko egoitzara joandakoak dituztelako», gogoratu du Larrañagak. Hala, pare bat jarduera egingo dituzte egoitzan bertan, eta festei buruzko informazioa emango diete bai erabiltzaileei bai senideei. Jai batzordeak positibotzat jo du elkarlana eta datozen urteetan ikusiko dute zabal daitekeen.
Gaztetxoei begira
Era berean, gaztetxoei bereziki bideratutako zenbait jarduera ere barneratu dituzte, guraso talde batek lagunduta. Ostiralean, auzoko historiari lotutako ihes gela aurrera eramango dute eta espazio propio bat izango dute afari herrikoian beraien artean «saretu eta elkar ezagut daitezen». Halaber, haien arteko herri kirolak egingo dituzte, hilaren 13an.
Hain zuzen ere, herri kirolek piztu ohi dute intxaurrondotarren jakin-mina. Iaz, trontza txapelketa berreskuratu zuten, hamarkada lehenago ere egin zena, eta «oso ondo atera zen. Emakumezko hemeretzi bikote elkartu ziren eta giro oso polita izan zen». Oraingoan, hamasei izango dira lehian.
Aldarrikapenak ere bere tartea izango du larunbat arratsaldean. Herri kirolen ondoren, Palestinarekiko elkartasun argazkia egingo dute Intxaurrondo kalean. «Egitaraua tartetxo batez geldituko dugu eta argazki potentetxo bat egin nahiko genuke».