Israelek kazetariak hiltzen jarraitzen badu, laster ez da Gazan informatuko gaituenik geratuko

Mundua azkar aldatzen ari dela eta jada ezer ez dela zen modukoa: «Solidoa den oro, airean disolbatzen da». Kazetaritzak prestigioa galdu duela diote, baina, badaezpada, kazetari palestinar guztiak hil nahi ditu Israeleko armadak, AEBen armekin eta Europaren babesarekin.
«Non zeunden zu, aitona, genozidioa gertatzen ari zen bitartean?», galdetuko digute gure bilobek —halakorik bada— etorkizunean —halakorik bada—.
Tokiko kazetaritzaren aldarria egiten dugu IRUTXULOKO HITZAn urte osoan. Mundu osoa da tokikoa, diogu. Tokikotik askatuko da, baita ere, Palestina. Horretarako, aska ditzagun, bada, gure luma eta gorputzak injustizia guztien kontra. Ez dadila isildu 200 kazetarien ahotsa.