Izarrez beteko da Zinemaldia, beste urte batez

Tabakalerako zinema-aretoan aurkeztu dute gaur Zinemaldiaren 73. edizioa, aurten, 56 herrialdetako 254 film eskainiko dira guztira. Ekitaldiaren hasieran, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita komunikazio arduradunak Gazako genozidioari buruzko adierazpen bat irakurri dute, irailaren 19tik 27ra bitarte hiria bisitatuko duten presentzien zerrenda argitu aurretik.
Zinemagile, antzezle, ekoizle eta gidoigile ugarik berretsi dute Zinemaldiaren 73. ediziora etorriko direla. Esther García eta Jennifer Lawrence Donostia Sariez gain, euren film berriak aurkeztera bertaratuko dira Donostiara Juliette Binoche, Paul Dano, Harris Dickinson, Matt Dillon, Colin Farrell, Denis Lavant, Maria de Medeiros, Ron Perlman, Renate Reinsve eta Stellan Skarsgard. Halaber, zinematografia garaikideko hainbat zinemagile garrantzitsuk euren proposamen berriak aurkeztuko dizkiete ikus-entzuleei eta komunikabideei; horren adibide dira Olivier Assayas, Edward Berger, Arnaud Desplechin, Claire Denis, Hasan Hadi, Lucile Hadzihalilovic, Agnieszka Holland, Richard Linklater, Kleber Mendonça Filho, François Ozon, Jafar Panahi, Raoul Peck, Joachim Trier eta Rebecca Zlotowski.
Presentzia horietako asko Sail Ofizialarekin lotuta egongo dira, hala nola hauek: Edward Berger zuzendaria eta Colin Farrell eta Fala Chen aktoreak (Ballad of a Small Player); Claire Denis zinemagilea eta Matt Dillon, Mia McKenna-Bruce eta Tom Blyth antzezleak eta Suzanne Lindon gidoigilea (Le Cri des Gardes); Arnaud Desplechin zuzendaria eta Nadia Tereszkiewicz, François Civil eta Hippolyte Girardot aktoreak (Deux pianos); Alice Winocour zuzendaria, Ella Rumpf eta Anyier Anei aktoreak (Couture); Agnieszka Holland zuzendaria (Franz); James Vanderbilt gidoigile eta errealizadorea (Nuremberg); Joachim Lafosse zuzendaria eta Eye Haïdara aktorea (Six jours ce printemps-là); Juliette Binoche aktorea, zuzendari gisako bere lehen lana aurkeztuko diguna (In-I in Motion), eta Lesley Manville antzezle britainiarra, Kasia Adamik zuzendariari lagunduko diona (Winter of the Crow).
Beste sail batzuek ere elikatuko dituzte alfonbra gorriak eta ikus-entzuleekiko topaketak. Denis Lavant aktorea Donostiara etorriko da Värn aurkeztera New Directorsen eta L’etranger, berriz, Perlak sailean, François Ozonekin eta Benjamin Voisinekin batera; bestalde, Harris Dickinson antzezleak eta Alex Russell ekoizleak eta gidoilariak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko dituzte euren lehen lanak zuzendari gisa, Urchin eta Lurker, hurrenez hurren. Perlak sailak hauek bilduko ditu: Olivier Assayas eta Paul Dano aktorea (Le mage du Kremlin); Hasan Hadi zinemagilea (Mamlaket al-Qasab / The President’s Cake); Saja Kilani eta Motaz Malhees antzezleak (The Voice of Hind Rajab); Richard Linklater (Nouvelle vague); Jafar Panahi (Un simple accident); Joachim Trier eta, harekin batera, Renata Reinsve eta Stellan Skarsgard aktoreak (Affeksjonverdi / Sentimental Value); Rebecca Zlotowski (Vie privée), eta Hlynur Pálmason (Ástin sem eftir er / The Love That Remains), Zabaltegi-Tabakaleran ere film bat estreinatuko duena (Jóhanna af Örk / Joan of Arc), Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan erakusketa bat izateaz gain.
Gainera, munduko soinu-banden konpositore onenetako bi, Alexandre Desplat eta Alberto Iglesias, Zinemaldira joango dira hizketaldi batean parte hartzeko. Elkarrizketa horri buruzko xehetasun gehiago datorren astean emango dira.
Sail ofizialeko epaimahaia argitu dute, baita ere. Honakoak izango dira Urrezko Maskorra erabakiko dutenak: J.A. Bayona, zuzendaria, ekoizlea eta gidoigilea, Espainia (epaimahaiburua); Laura Carreira, zuzendaria, Portugal; Gia Coppola, zuzendaria, gidoigilea, aktorea eta ekoizlea, AEB; Zhou Dongyu, aktorea, Txina; Lali Espósito, aktorea eta abeslaria, Argentina; Mark Strong, aktorea, Erresuma Batua; Anne-Dominique Toussaint, ekoizlea eta aktorea, Frantzia.