Satrustegi dorrea, galtzeko arrisku egoeran
1883 eta 1885 urteen artean eraiki zuten Satrustegi dorrea, Igeldo mendiaren magalean. Beste hainbat eraikin historiko bezala, galtzeko arriskuan dago hau ere, hotel bat eraiki nahi baitute bertan.

Igeldo mendiaren magalean dago Satrustegi dorrea, 1883an eraikitzen hasi zirena, Patrizio Satrustegi baroiaren eskariz. 1995ean, Eusko Jaurlaritzak Kultur Ondasun izendatu zuen eraikina, legezko babes maila gorena duena, baina Ancorak salatu du eraikinean legez kanpoko hotel bat eraiki nahi dutela.
Hain zuzen ere, elkarteak Paisajes de Asturias S.L. sozietateak sustatutako proiektua eskuratu du, eta bertan jasotzen diren datuak jakinarazi ditu. Sociedad Paisajes de Asturias S.L. sozietatea Quiron taldeko presidente Victor Madera medikuak eratu zuen. Madera Forbes zerrendan dago, bere aberastasun pertsonal handiagatik, eta estatuan banatutako 25 jauregi baino gehiago erosi ditu, luxuzko hotel bihurtzeko helburuarekin; tartean, Satrustegi dorrea bera.
Jatorrizko planoak galdu diren arren, Euskadi.eus webgunean agertzen denez, tradizio militarraren arabera badakite Seldon Bornun arkitektoak egin zuela proiektua, eta berak zuzendu zuela eraikuntza. Satrustegi dorrea lau solairuko eraikina da, harlanduz egina. «Fatxadaren erdigunea laua da eta baoetan hexagono formako bi dorre ditu, bai garaieran eta bai aurre aldera fatxadaren erdiko zati nagusiari gailentzen zaizkionak. Bigarren solairuaren mailan bi dorreak lotzen dituen terraza edo balkoi bat dago. Terraza edo balkoi hau lehenengo solairuaren mailan dagoen beste terraza edo ataripearen sabaia da eta hortxe dago sarrera nagusia», zehazten du aipaturiko webguneak. Eraikinak inguruan lorategia dauka, Pierre Ducasse Donostiako lehenengo udal lorezainak egina.
Legez kanpoko jarduera
Ancoraren arabera, «jauretxea bananduta eta altzari baliotsuak kenduta, jabe berriek ekipamendu turistiko bihurtu nahi dute. Anbizio handiko programa hori osatzeko, eranskin berriak eraiki behar dira, aurreikusitako erabilera guztiak hartuko dituztenak», deitoratu dute.
Kasu honetan, ordea, eraikinak babes bikoitza du, Euskadiko Monumentu eta Donejakue Bideari lotutako elementu izendatu zutelako. Hala ere, salatu dutenez, «legezko oztopoak saihesteko, ad hoc arau aldaketa sustatzen ari da, udalaren oniritziarekin».
Ikusi beharko da hiriak beste eraikin babestu bat galtzen duen, beste hotel bat eraiki ahal izateko. Asko dira halakoak hirian, eta eraikin historikoak, zoritxarrez, gero eta gutxiago.