Kontxako Banderan aurrea hartzea da abantaila
Donostiako hiru traineruak izango dira lehian, lehen jardunaldian. Emakumezkoen lehia 11:00etan hasiko da. Gizonezkoetan, berriz, 12:00etan.

Itsasoan urak handi beharrean, traineruak izan behar dira nagusi. 130. Kontxako Bandera abiatuko da gaur, hamasei ontziren parte hartzearekin; zortzina emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Tartean dira hiru donostiarrak: Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra, neskak eta mutilak.
Emakumezkoen estropada 11:00etan abiatuko da, bi txandatan banatuta. Arraunek —iazko txapeldunak— eta Donostiarrak —iazko txapeldunordeak— beste sei traineru hauek izango dituzte aurkari: Orio —sailkatze estropadako irabazlea—, Tolosaldea, Hibaika, Hondarribia, Astillero eta Zumaia —Zarautzi ezarritako zigorrarengatik sailkatua—.
Txanda eta kale zozketari dagokionez, bi donostiarrak elkarrekin ariko dira:
Lehen txanda
1. Donostiarra
2. Astillero
3. Tolosaldea
4. Donostia Arraun Lagunak
Bigarren txanda
1. Hibaika
2. Hondarribia
3. Orio
4. Zumaia
Gizonezkoen dema, berriz, 12:00etan hasiko da, hau ere, bi txandatan bereizia. Donostiarra izango da hiriaren ordezkari bakarra, eta beste zazpi arerio hauek izango ditu parez pare: Urdaibai —sailkatze estropadako irabazlea—, Orio, Zierbena, Hondarribia, Getaria, San Juan eta Lekittarra.
Txanda eta kale zozketan, Donostiarrari bigarrenean aritzea egokitu zaio:
Lehen txanda
1. Zierbena
2. Getaria
3. Urdaibai
4. Orio
Bigarren txanda
1. Lekittarra
2. Hondarribia
3. Donostiarra
4. San Juan
Jokoan dutena lehen jardunaldia izanik, bandera astintzeko, aurrea hartzea da abantaila.