Unax Otegik Oñatiko Gari Bañosen omenezkoa irabazi du
Donostialdea Bizikletaneko hernaniarrak asteburua borobildu du Lierniko lasterketan bigarren sailkatuta.

Sasoi onean bukatzen ari da denboraldia Unax Otegi Donostialdea Bizikletaneko txirrindularia. Atzo, azkarrena izan zen Oñatiko Gari Bañosen omenezko lasterketa gogorrean. Gazte mailako ziklistak nor baino nor aritu ziren, eta azken metroetan altxa zituen besoak Otegik (2:10:24). Aratz Unanue (Viveros San Anton-Mardu) izan zen bigarren, eta Mikel Arriet (Ipar Maquina-Dimaq) hirugarren.
Gaur, berriz, Lierniko Saria izan dute Mutiloan, eta Otegi bigarren izan da Eñaut Urkaregi (GT Tolosa Danena) irabazlearen atzetik (1:22:00). 44 segundora iritsi da hernaniarra. Eritz Atxegak (Ampo) osatu du podiuma, hirugarren sailkatuta.