Danajan bueltan da, hildakoen artetik

Añorgako Rafa Cabeza musikariak prest du Danajan taldearen Itzulera. Hain zuzen ere, hori bera da laukotearen bigarren diskoaren izenburua. Hilaren 15ean kaleratuko dute, eta plataforma digitaletan ere entzungai jarriko dute.
Cabezak euskarazko rocka jorratzen eta bizirik mantentzen jarraitzen du. Horretarako, hiru bidelagun hauek ditu: Unai Zabala (gitarra), Iker Iparragirre (baxua) eta Iñaki Udabe (bateria).
Duela hiru urte argitaratu zuen Zabor hipersonikoa estreinako diskoaren jarraipena izango da. Lan horren harira, IRUTXULOKO HITZAk Cabeza elkarrizketatu zuen.