Realak bigarrenean asmatu du
Txuri-urdinek luzapenean penalti bidez sarturiko gol bati esker lortu dute denboraldiko lehen garaipena.

Futbolean asmatzeak balio du, golak egiteak. Ondo jokatu arren, galdu daiteke, eta alderantziz. Realak hiru puntuak merezi zituen Madrilen jokaturiko lehen partidan, baina bakarrarekin itzuli ziren etxera. Bigarrenean, ordea, garaipena eskuratu zuten Logroñoren zelaian, larunbatean.
Hori bai, kostata. 99. minutuan Nerea Eizagirre kapitainak penalti bidez egindako golari esker menderatu zuten talde errioxarra. Aurretik, aukera garbi ugari izan zituzten, neurketa serioa jokatu zuten, baina puntu bakarrarekin geratzearen mamua hor zegoen. Ordea, berdinketa hautsi zuen penaltia adierazi zieten txuri-urdinei, eta kapitainak ez zuen hutsik egin.
Bi partida jokatuta, nabarmen azalberritu den Realak beste izaera bat du, beste lan talde bat, eta ligan maila onean aritzeko daudela dirudi.
Galera
Realaren gizonezkoen bigarren taldeak Anoetan jokatu zuen atzo Cadizen kontra. Garaipena eskura izan zuten markagailuan 3 eta 1 jarrita, baina azken minutuetan neurketa berdintzea lortu zuten andaluziarrek.
Galtzen hasi ziren, Agotek bere atean sarturiko gol batengatik, baina joko maila oso onarekin, markagailua zeharo irauli zuten. Astiazaranek berdindu zuen norgehiagoka, Carrerak lortu zuen lehen abantaila, eta Lebarbierrek egin zuen hirugarren gola. Ez zen nahikoa izan etxeko bigarren garaipena lotzeko. Horrela ere, ikasteko baliagarria izango da gazteentzat.