«Arduraz jokatzen ari gara, udalarentzako ondorio negatiborik egon ez dadin»
Eneko Goia kritiko agertu da San Bartolomeko herritarren plataformak atzo egindako agerraldian egindako adierazpenekin.

San Bartolomeko merkataritza zentroaren proiektuaren aferak argitu gabe jarraitzen du. Horren harira, San Bartolomeko herritarren plataformak eskaera formala aurkeztu zion atzo Eneko Goia alkateari, New San Bartolome SL inbertsio funtsari emandako obra lizentzia iraungitzat jotzeko. Horren inguruan galdetuta, Goia nahiko kritiko agertu da plataformaren adierazpenekin.
“Gardentasun falta egozten digute, baina ez da horrela. Ez dugu ezer ezkutatu. Plan Berezia udalbatzak onartu zuen, eta informazio guztia publikoa da”, adierazi du alkateak. Horrekin batera, udalaren jokabidea defendatu du: “Arduraz jokatzen ari gara, udalarentzako ondorio negatiborik egon ez dadin”. Egungo udal gobernuak proiektuaren aurrean izandako iritzi aldaketarekin, “zentzuz jokatu” nahi dutela gaineratu du.
Zeharka bada ere, Odon Elorza alkate ohiari mezu bat zuzendu dio: “Memoria hauskorra du baten batek, San Bartolomeko proiektua berak abiatu zuelako”. Gogoratu behar da, Elorza proiektuaren sustatzailea ez ezik, San Bartolomeko herri plataformako kidea ere badela.
Bestalde, Goiak aurreratu du San Bartolome Muinoa sozietatearen bilera bat egingo dela laster, data zehatzik eman ez badu ere.