Donostiako mugikortasun agente izateko euskara eskakizun baten aurka egin du epaitegi batek
Donostiako mugikortasun agente bat.Donostiako Udala Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren testuinguruan kokatu beharreko beste epai bat atera du Donostiako administrazioarekiko auzien 1 zenbakidun epaitegiak. Zehazki, baztertu egin du Donostiako udal mugikortasun agenteak egonkortzeko prozesuan euskarazko bigarren hizkuntz perfila eskatzea. Hau da, epaitegiak ebatzi du Donostian mugikortasun agente izateko ez dela beharrezkoa euskaraz jakitea, mugikortasun agenteak langile publikoak izanik ere.
Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, epaitegiak onartu egin du Mugikortasun Saileko bitarteko funtzionario batek jarritako errekurtsoa, Ignacio Lopez Lera abokatuak ordezkatua. Langile hori, egonkortze prozesutik kanporatu zuten —bederatzi plaza eskaini zituzten—, aipaturiko euskara eskakizuna betetzen ez zuelako.
Azkenaldian, Hego Euskal Herrian antzeko epai asko atera dituzte epaitegiek, eta euskalgintzako eragile zein norbanako ugarik denbora asko daramate salatzen hori euskaldunon hizkuntz eskubideen aurka doala. Hain zuzen ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurretik ateratako hainbat epairi erreferentzia egin die Donostiako epaitegiak bere sententzian, aldeko jurisprudentzia dagoela argudiatuz.


