Montxo Martinez Antia gogoratuko dute ostiralean Egian, bere heriotzaren 50. urteurrenean
Polizia frankistaren segada baten ondorioz hil zen Montxo Martinez Antia egiatarra, 1975eko irailaren 18an. 'Egia jakiteko garaia da' lelopean, ekitaldia egingo dute ostiralean Egian, "Montxo nor zen gogoratzeko eta zer gertatu zen ulertzeko".
Montxo Martinez Antiaren hilketaren bigarren urteurrenean, 1977an, egindako omenaldia, Egian.Mikel Gaska/Gordegia Datorren asteko ostegunean, hilaren 18an, 50 urte beteko dira Polizia frankistaren Brigada Politiko Sozialak Jose Ramon Montxo Martinez Antia Madrilen hil zuenetik. Urteurrenaren bueltan, “Montxo nor zen gogoratzeko eta zer gertatu zen ulertzeko” ekitaldia antolatu du Egiari Zor fundazioak ostiral honetan (hilak 12) Egian, Martinezen auzoan. Egia jakiteko garaia da lelopean egingo dute ekitaldia, Iruresoro plazan, 19:00etan. Horrez gain, Giza Eskubideen Behatokiak beste ekitaldi bat antolatu du urteurren horren bueltan, urriaren 9an, Egia Kultur Etxeko Gazteszena espazioan.
ETAko militantea zen egiatarra, eta 22 urte zituen hil zutenean. Polizia frankistak Madrilen egindako segada baten ondorioz hil zen Martinez, ustez Mikel Lejarza Egia El Lobo infiltratu ezagunaren esku hartzearen ondorioz. Operazio berean, Juan Cruz Unzurrunzaga eta Iñaki Mujika Arregi Ezkerra —orduan, etakideak biak ere— atxilotu zituzten, biak donostiarrak —Unzurrunzaga Zarautzen jaioa zen, baina Donostian errotua—.
Erregimenaren bertsio ofizialak, halako beste kasu askotan egin izan duen moduan, esan zuen militanteak bere buruaz beste egin zuela tiroketan. Ordea, hasiera-hasieratik, asko izan dira bertsio hori gezurtatu eta hilketaren ardura Poliziaren gain jarri duten eragile eta ikerlariak. Horregatik, Egia jakiteko garaia da lelopean egingo dute ostiraleko ekitaldia Egian. Apirilean, antzeko ekitaldi bat antolatu zuen Egiari Zor fundazioak Ategorrietan, Mikel Gardokiren erailketaren 50. urteurrenean.

Montxo Martinez Antiaren hilketaren hirugarren urteurrenean, 1978an, Polloe hilerrian egindako omenaldia.Mikel Gaska/Gordegia

Montxo Martinez Antiaren hilketaren hirugarren urteurrenean, 1978an, Polloe hilerrian egindako omenaldia.Mikel Gaska/Gordegia
Aitortza falta
Euskal kasuan izan diren bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen udal argazkiak. Donostia 1960-2010 dokumentua, Eusko Jaurlaritzak 2015ean argitaratutakoa, da Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzorde Bereziak bere jardunerako oinarri gisa erabiltzen duen dokumentu nagusia, indarkeria politikoaren testuinguruan izandako biktimen inguruko informazioa jasotzen duena. Ordea, segurtasun indarrek eragindako biktima askorekin gertatzen den moduan, Montxo Martinez Antiaren izena ez da aipatu ere egiten dokumentu ofizial horretan. Euskal Memoria fundazioak, aldiz, errepresioaren ondorioz hildakoen zerrendan sartu zuen egiatarra Gernikako seme-alabak lanean (Txalaparta, 2010).



