17. Zinemaldi Alternatiboaren egitaraua aurkeztu dute

2006an Parte Zaharreko Gazte Asanbladak lehenengo edizioa antolatu zuenetik, Zinemaldi Alternatiboak “erresistentzia eta disidentzia” askotarikoen bozgorailu izan nahi izan du, zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartuz. Urte honetan hamazazpigarren edizioa antolatu dute, eta helburua berbera da: “Zinemaren bidez hausnarketa kritikoa sustatzea, gizarte-gai eta -gatazka ezberdinei buruzko lanak proiektatuz eta hauek eztabaidan jarriz, pentsamenduak eragin eta arazoei aurre egiteko bitarteko komunak irudikatzea”.
“Kultura gizartea eraldatzeko tresna gisa” ulertzen dute Zinemaldi Alternatiboko kideek, eta “zinema komunitateak ehuntzeko bitarteko gisa erabiltzen dugu, herritarron harreman-espazioak aldarrikatzeko”. Horregatik, Zinemaldi Alternatiboak “elkarlan aktiboa” sustatu du hiriko beste eragile eta mugimendu sozialekin, “bateko eta besteko borrokari ekarpena egin asmoz”: Letaman eta Txantxarreka gaztetxeak, Marruma Kulturalak, Behin Batean Txomineneko euskaltzaleen taldea, A.Z.G.A., Gurdi Ertz kolektiboa (Zubieta), Komite Internazionalistak, Redher edo Human Conet.
Palestina gogoan
Zinemaldi Alternatiboak Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatu du. Bigarren urtez, Palestina izango da kartelaren protagonista. Hain zuzen, irailaren 28an, igandearekin, Jumana Manna atrtista palestinarraren A magical substance flows into me lana proiektatuko dute Sagueseko frontoian.
Antolatzaileek “kontakizun ofiziala” zalantzan jartzeko beharra nabramendu dute, euskal gatazkaren kontakizunari loturik: “La Infiltrada filmaren ondoren, Un fantasma en la batalla dator. Euskal gatazkari buruzko film berri bat, bigarrena bi urte eskasean, eta berriro ere polizia infiltratuak protagonista dituena. Aurtengo Zinemaldian aurkeztuko da. Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo. “Ez da kasualitatea bi film hauek orain aurkeztea, bata bestearen atzetik. Poliziaren irudia publikoki zalantzan jarri dute argitara eman diren azken espioitza eta infiltrazio kasuek. Kontakizun berri bat behar zuten poliziaren irudia goraipatzeko, eta zer hoberik horretarako zinema baino. Baina infiltratutako polizien jokabidea zurituz tortura justifikatu nahi dutenen aurrean, Zinemaldi Alternatiboak planto egiten du.
Horregatik, irailaren 20an Infiltrats dokumentala proiektatuko dute Intxaurrondo auzoan, Letaman gaztetxean eta, gainera, infiltrazio kasu berrienak azaleratu dituzten ikerketak ezagutzeko aukera izango dute La Directa egunkariko kazetarien eskutik.
Irabazi txiki bat galera handietan
“Zinemaren hiriak galera bat bestearen atzetik pilatzen du. Aurten, Arte Ederrak antzokia Hilton Hotel bihurtzeko zorian dagoela, Dock of the Bay jaialdia desagertu dela ezagutu dugu”, diote Zinemaldi Alternatiboko kideek atsekabeturik.
“Dock of the Bay jaialdiak hamazazpi edizio izan zituen. Eta Zinemaldi Alternatiboak, bere hamazazpigarren edizioan, errekonozimendu xume baina zintzo bat egin nahi dio. Horretarako, irailaren 25ean, “Sin miedo al los cables” dokumentala proiektatuko dugu Txantxarreka gaztetxean”.
Egitaraua osorik
- Irailak 18. Uliako Mintegietako parkean 20:00etan: Smurfit, Criminal Ambiental. Hemen trailerra.
- Irailak 19. Parte Zaharreko Guardetxean 19:00etan: Producto Local. Hemen trailerra.
- Irailak 20. Intxaurrondoko Letaman gaztetxean 19:00etan: Infiltrats. Hemen trailerra.
- Irailak 21. Zubietako Errebote plazan 20:00etan: Uharte bat eta gau bat. Hemen webgunea.
- Irailak 22. Groseko Marruma elkartean 19:00etan: El arte de los analfabetos. Hemen trailerra.
- Irailak 23. Añorgako gaztetxean 19:00etan: Kneecap. Hemen trailerra.
- Irailak 24. EHUko Arkitektura Eskolan 17:30ean: Push. Hemen trailerra.
- Irailak 25. Antiguako Txantxarreka gaztetxean 19:00etan: Sin miedo a los cables. Hemen trailerra.
- Irailak 26. Txomineneko Arteleku plazan 20:00etan: Igelak. Hemen trailerra.
- Irailak 28. Sagueseko frontoian 20:00etan: A magical Substance Flows into me. Hemen trailerra.