Easo kale berrituan terrazak lehenetsi dituztela uste du Kalapiek

Uztailaren erdialdean ireki zuten Easo kalea, zati bat berrituta. Zehazki, San Martzial kaletik San Martin kalera bitartekoa. Kalapie elkartea, ordea, ez dago konforme egindako berritze lanarekin: “Kale berriak utzi digun inpresioa, oinezkoarentzat eta garraio publikoarentzat irabazitako espazioa positiboki baloratzen badugu ere, ostalaritzako terrazentzako espazioa irabaztea beste erabilera posible batzuen gainetik lehenetsi dela izan da”.
Hain zuzen ere, kalea berritu aurretik, Kalapiek eskatu zuen bizikletaz bi noranzkoetan ibiltzeko aukera ahalbidetzeko. “Bi aukera proposatu genituen: Easo kalean jada existitzen den bi noranzko bidegorriari jarraipena emango liokeen bidegorria egitea edo bizikleta noranzko bikoitzeko 30 eremu bat egitea. Hau da, galtzadaren kontrako noranzkoan norabide bakarreko bizikleta ibilbide bat ahalbidetzea”.
Proposamen hori teknikoki “bideragarria” eta “oso onuragarria” izan zitekeela uste dute: “Izan ere, bizikletentzako mugikortasunerako ardatz nagusi bat sortuko litzateke, Easo kalean dagoen bidegorri zatia Kontxakoarekin lotuz, biderik zuzen eta naturalenetik. Hala ere, bistakoa da beste erabilera batzuk lehenetsi direla aukera honen aurretik”.
Bestalde, azpiegitura berdearen aldeko “apustu irmoago” bat faltan bota dutela adierazi dute: “Banku eta landare ontzi batzuk jarri dituzte, oraindik zuhaitz edo landareren bat jasotzeko zain daudenak. Ordea, uste dugu egungo klima aldaketaren testuinguruan, merezi zuela kalitate handiagoko konponbide baten alde egitea, zuhaitz naturalak jarrita”
Seinale bat
San Martin kalearen sarreran ibilgailuen pasabidea debekatzen duen seinale bat jarri dela ohartarazi du Kalapiek. “Salbuespenen artean badaude autobusak, taxiak eta motoak, baina ez da bizikletarik aipatzen. Udalak seinale hau zuzendu dezala espero dugu, bizikletek, gutxienez, araututako moduan sartu ahal izan dezaten kalean, Londres Hoteleko noranzkoan”, nabarmendu dute.