Langile mugimendutik trantze eta katarsi komunitatera; 'Arcoiris82' erakusketa aurkeztu du Irati Gorostidik

Irati Gorostidi zinemagile donostiarrak datorren astean estreinatuko du Zinemaldian bere lehenengo lan luzea: Aro Berria. Anekumen proiektuaren baitan, urteetako ikerketa lanaren ostean ondu du filma (tartean, San Simón 62 eta Contadores film laburrak eginez), eta Zuzendari Berriak sailean aurkeztuko du. Filma 1980ko hamarkadan Nafarroan izan zen Arco Iris komunitatean oinarrituta dago, eta, hain zuzen, gaur, bertan jasotako materialarekin osatutako erakusketa aurkeztu dute Tabakaleran: Arcoíris 82.
Aro Berria-ren filmaketako irudiak erabiliz osatutako bideoinstalazioa da Gorostidiren erakusketa berri hau. Arco Iris komunitatea sortu zuten garaiko langile mugimenduko hainbat militantek, eta, besteak beste, bertan eskaintzen ziren formazioengatik egin zen ezaguna komunitatea, trantzea eta katarsia bilatzen zutelako. Lizaso herrian kokatua, Nafarroako Ultzama eskualdean, “milaka pertsona” erakarri zituen hainbat urtez. Gorostidiren gurasoak komunitate hartatik pasa zirela eta, hainbat urtetako bilaketa lana egin du zinemagileak, elkarrizketak, irudiak eta dokumentuak ikertuz.
Filmean, komunitate horretako ikastaroak berregin dituzte, eta erakusketan, “alderdi bibentzialari” erreparatu diote. Erakusketa txandaka proiektatzen diren pantaila anitzeko bi bideoinstalaziok osatzen dute: Marathon eta Samsara. Samsara instalazioa filmazioan egindako argazki sorta batek lagunduta erakutsiko da, Arco Iris komunitatearen artxibo materialarekin batera. Piezak osatzen dituzten elkarrizketek eta errekreazioek agerian uzten dute filmazio prozesuan antzezpenaren eta esperientziaren arteko muga lausotu egin zela eta benetako emozioak azaleratu zirela pertsonaien larruan jarri ziren aktoreengan. Istorio bat kontatu ordez, antzezpenetan parte hartu zutenen gorputz eta testigantzetan murgiltzeko ibilbide bat eskaintzen du erakusketak.
Gaur zabaldu da erakusketa, Tabakalerako lehenengo solairuan, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik, tartean, ohikoa den eran, hainbat jarduera izango direlarik bertan.