Dena prest Porrontxoen leherketarako
Astelehenetik igandera, egitarau zabala antolatu dute Porrontxoetarako. Baina, jaiaren leherketa ofiziala ostegunean izango da, dantzaz eta musikaz betez, hiru egun horietan, Egiako kaleak.

Egia dela bizipozaren herria eta Egian umore ona edonon. Egun gutxi falta dira Porrontxoak hasteko, eta auzoan, jada, sumatzen da badatorrela festa. Astelehenean hasiko da egitaraua, baina festa ostegunean lehertuko da, txupinaren jaurtiketarekin. Egitaraua osorik hemen.
Jai batzordeko Izaro Biainek argi du osteguna dela auzotarrentzat «egun handiena». Kuadrillen jaitsierak ematen dio jaiari hasiera, eta mozorro eta karrozekin —askotxo esatea ez ote den hori—, Egiako kale nagusiak igarotzen dira txarangaz eta umore onez blai. Ostegunean, gainera, txupinaren jaurtiketa omenaldi bihurtzen da, auzoko eragile batek jaurtitzen baitu. Aurten, Gordegia elkarteak izango du ardura potolo hori.
Gordegia Egiako Artxibategi Grafikoa izateko helburua duen egitasmo herrikoia da, auzoari buruzko irudiak batu, dokumentatu, segurtasunez gorde eta auzokide guztien eskura jarri nahi dituena. Teila Fabrikak hauspotu eta babestuta, gai honekiko sentsibilitatea duten hainbat auzotarren nahi eta ekimenez sortutako proiektu hau irabazi asmorik gabeko elkarte gisa gorpuztu zen 2019an, eta ordutik ehunka eta ehunka argazki jaso eta digitalizatu dituzte. 2024an, Interneteko Argia Saria jaso zuen egitasmoak.
Protokolo berria
Jai batzordeko Biainek azaldu duenez, urteroko egitarau antzekoa izango da aurten ere. Funtzionatzen badu, zertarako aldatu, ezta? Egitarauan, beraz, berritasun nabarmenik ez dagoen arren, Biainek nabarmendu du, lehen aldiz, eraso arrazisten kontrako protokolo bat izango dela martxan jaietan. Hiritarron Harrera Sareak eta Kuadrila Mundialak elkarrekin antolatuta, eraso arrazisten aurrean erantzuna eta laguntza emateko asmoz sortu da ekimena. Azken urte eta hilabeteetan, jai giroan izandako egoerei aurre egitea du helburu. Horretaz gain, Egiako emakumeen protokolo feminista ere izango da, urteroko legez.
Bestelako aldaketa bat nabarmendu du Biainek. Ostegunean ospatzen den karaokea Plaza Berrin izan ohi den arren, aurten Plaza Haundira igaroko da berriro ere. Horrek esan nahi du, noski, esposizio handiagoa izango dela… Ea jendea berdin animatzen den!
Adin guztietarako jarduerak
Jarduerak, bestela, urtero bezala, askotarikoak izango dira, eta publiko guztientzat. Haurrek dute egitarauaren parte handi bat (guraso elkarteari eta bestelakoei esker), baina helduek ere haurren pare disfrutatuko dute.
Ez da alferrikakoa, horretarako, jai batzordeak egiten duen lana. «Urte hasieran bildu ohi gara, eta, ondoren, kuadrillen batzarrean partekatzen da egitaraua eta egitekoak», azaldu du Biainek. Kontuan edukitzeko moduko datua ere eman du: 51 kuadrilla dira Porrontxoetan modu aktiboan parte hartzen duten kuadrillak. «Hamar bat lagun, bakoitzean… 500 lagun inguru daude, modu batean edo bestean, Porrontxoen antolakuntzan!». Ez da makala, ez, auzo batek hartzen duen tamaina.