«Egia» exijitu dute, Montxo Martinez Antiaren erailketaren 50. urteurrenean

Euskal Herriko gatazkaren kontakizunean, oraindik, badira argi ilunak. Horietako bat, estatuaren indarkeriak eta eskuin muturraren ekintzen atzean dagoen egiaren eta aitortzaren falta. Argitara ateratzen da egia, ikusi bestela, Rosa Zarraren kasua. Eusko Jaurlaritzaren bertsio ofiziala faltsua zela onartu da orain gutxi, Ertzaintzaren hilketaren 30. urteurrenean.
Berdina eskatu dute gaur, dozenaka egiatarrek, haien auzokide zen Montxo Martinez Antia gaztearen hilketaren harira. Exekuzio extrajudiziala izan zela ziurtatu dute 50 urtez haren senideek eta Antiaren lagun eta burkideek.
ETA (pm)-ko kidea zen Antia, eta 22 urterekin, Madrilen zen, beste hainbat etakiderekin batera, Txiki eta Otaegiren kontra sinatzekoak ziren fusilamenduen aurka ekiteko. Mikel Lejarza Egia El Lobo infiltratu ezagunaren esku hartzearen ondorioz, Polizia operazioa egin eta bertan hil zuten gaztea. Bertsio ofizialaren arabera, buruaz beste egin zuen Antiak, lokian tiro eginez, ¡
50 urteren ondoren, egia argitara
Gaur egin duten ekitaldi hunkigarrian, Antiaren sendiari omenaldia egiteaz gain —bertan zen, hain zuzen, Antiaren ama eta beste senideak—, aldarrikapen argi bat egin dute: memoriarako eskubidea eta egiarako eskubidea.
Horretaz gain, egiaren bilaketan “aurrerapausoak” egin dituztela ziurtatu dute Egiari Zorreko kideek, eta iragarpen bat egin dute: urriaren 9an, Gazteszenan, dokumental bat aurkeztuko dute, Antiaren heriotza argitzeko “erabakigarriak” izango diren frogak aurkezteko.
Bide horren bitartez, familiari eta auzo osoari, “begirunea” eta “aitortza” egiteko bidea hasiko dela ziurtatu dute. Izan ere, auzoaren maitasuna bistakoa den arren, ez da erakundeen ordezkaririk izan ekitaldian, EH Bilduko zinegotziez gain.
Aitortza falta
Euskal kasuan izan diren bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen udal argazkiak. Donostia 1960-2010 dokumentua, Eusko Jaurlaritzak 2015ean argitaratutakoa, da Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzorde Bereziak bere jardunerako oinarri gisa erabiltzen duen dokumentu nagusia, indarkeria politikoaren testuinguruan izandako biktimen inguruko informazioa jasotzen duena. Ordea, segurtasun indarrek eragindako biktima askorekin gertatzen den moduan, Montxo Martinez Antiaren izena ez da aipatu ere egiten dokumentu ofizial horretan. Euskal Memoria fundazioak, aldiz, errepresioaren ondorioz hildakoen zerrendan sartu zuen egiatarra Gernikako seme-alabak lanean (Txalaparta, 2010).










