Egun bat lehenago hasi dira festak, jarduera guztiei lekua egiteko
Bi asteburu, zortzi egun eta hamaika proposamen. Aieteko jaien aldeko apustu garbia egin dute, adin tarte guztientzako jarduerak eskaintzeko. Txupinazoa botata, aurreneko asteburua azken urteotakoa bezain arrakastatsua izatea espero dute.

Bat gehiago eta bat gehiago. Aieteko jaiak atzo hasi ziren, gaurtik aurrerakoaren erritmoa mantentzeko eta bizitzeko. Aieteko jai batzordeak jarduera sorta antolatu du lehen astebururako. Beste horrenbeste prestatu du Lantxabe auzo elkarteak bigarren astebururako. Luzea da egitaraua, baina ahalik eta ondoen orekatzen ahalegindu dira. Hemen daukazue egitarau osoa.
Festen iraupen luzeagoaz aparte, bestelako berritasunak ere badituzte. Batez ere, bi dira esanguratsuenak. Batetik, eraso matxisten kontrako protokoloa abian jarri dute. Bestetik, Aieteko festen bereizgarri izan nahi duen garagardo artisau propioa aurkeztu dute. Naparbier garagardo enpresarekin elkarlanean sortu dute. Beraz, zintzurrak freskatzeko ohiko edariez gain, Aieteren ikurra daraman bat dastatu ahalko da.
Lide Marquet eta Garazi Lasa jai batzordeko kideak pozik daude osaturiko proposamen sortarekin. Egitarauari beste egun bat gehitzearen arrazoiak azaldu dituzte. «Osteguna sartzearen arrazoietako bat da asteburua oso motza geratzen dela, eta egitaraua luzatu nahi izan dugu adin tarte guztiengana iristeko», dio Lasak. «Jaietako lehen ostiralean nahiko larri ibili izan gara, sartu nahi genituen jarduera guztiak sartzeko eta horiek aurrera eramateko. Orain, gauzak lasaiago egin ahal izango ditugu», gehitu du Marquetek.
«Oso betea»
Egitaraua oparoa eta «oso betea» dagoela aitortu dute biek, baina haur, gazte zein helduek dagokien bakoitzarekin gozatzeko modua eta lekua izango dutela. Gaurko, biharko eta etziko egunak dira jarduerez bete dituztenak, normalean, arrakastatsuenak direlako. Aurten, ordea, biharko eguna izango omen da erakargarriena. «Egia esan, ez dakigu. Azken urteotan, ostirala izan da arrakastatsuena, baina aurten aldatuko dela dirudi», adierazi du Lasak. «Normalean ostiralean izaten dira kontzertu erakargarrienak, eta larunbata gehiago izan da auzoko jendearentzat. Aurten, egia da, inguruko askok esan digutenez, larunbatean etorriko dela jendea. Bi egunetan etorriko dira, baina orekatzen hasi dira», nabarmendu du Marquetek.
Festen lehen larunbatean, hau da, bihar, hainbat nobedade txertatu dituzte. «Poteo musikatua sartu dugu, gazteen arteko giroa indartzeko. Bazkalosteko mojito lehiaketa eta bingoa ere badaude, eta Zumbonak ere. Uste dut lortu dugula adin tarte guztiek lekuak eta proposamenak izatea. Jarduerak toki desberdinetan antolatuta», azaldu du Marquetek.
Bi asteburu
Aieteko jaiak erraz bereizi daitezkeen bi asteburu desberdin dituzte, elkar loturik badaude ere. «Lehena jai batzordeak antolaturikoa da, gazteei eta haurrei begirakoa. Bigarrena, berriz, Lantxabe auzo elkartearena, helduei eta adinekoei eskainitakoa gehiago. Horrela, egitarau orekatua lortu dugula uste dut. Bakoitzak bere proposamenak antolatu ditu, eta, gainera, lagundu diegu. Gainera, kirol txapelketa gehienak bigarren asteburuan dira», dio Marquetek.
Hain zuzen ere, txapelketa asko antolatzen dituzte, Aieten oso lehiakorrak direlako? «Hori ematen du. Badirudi auzoan gutxi garela, baina ez gara horren gutxi», aipatu du Lasak. «Txapelketetan jende askok parte hartzen du, beraz, horiek mantendu eta indartu ditugu», gaineratu du Marquetek.