Hiru erreferente, eredu baten beharra duten gazteentzat
Bizitzan zer egin jakitea helburu horretara iristeko lehen baldintza da. Helmuga erabakita, beharrezko izaten da norbere burua han kokatzeko gaitasuna, eta hori, hein batean, aurrez lortu dutenen ereduak hauspotzen du. Non islatu bilatzen dutenek ispiluak izan ditzaten, Kutxa Fundazioaren Inspira Gazteak sariek erreferente izatea merezi duten gazteak ikusarazten ditu. Nereba Belzunegi, Sofia Ferreira eta Maddi Goikoetxea dira horietako batzuk.

Handia zarenean zer izan nahi duzu?». Galdera horrek hamaika erantzun izan ditzake, aldakorrak, eta askotan bat baino gehiago: astronauta, irakasle, suhiltzaile, mediku… Azken hamarkadan berri bat gehitu da: influencer. Pantailen orokortzeak eta sare sozialen gorakadak erreferenteak aldatu ditu, eta Centro Reina Sofiak egindako ikerketa baten arabera, 2022an hiru adin txikitako batek influencer izan nahi zuen. Ildo beretik, Harris Poll/Legok egindako inkesta batean, haurren %29ak youtuber izan nahi zuen espazio ontzian unibertsora bidaiatu nahi zuten %11rengandik urruti. Gertuagoko datuetan, Espainiako Estatuan, hirutik batek du eragitea balizko ogibide gisa eta hamarretik bat saiatzen ari da.
Horren atzean aitortza soziala eta ospea daude, beste lanbide tradizionalago batzuetan lortzen zailagoak direnak. Alegia, arrakasta eta dirua, itxuraz, erraz lortzeko aukeratzat dute, hezkuntza edota ahaleginik apenas eskatzen duena, ibilbide akademikoekin alderatuta.
Erreferenteak izan daitezkeenaren ereduak badira, etorkizuna irudikatzeko identifikagarriak diren pertsonak behar dituzte haurrek eta gazteek. Ispilu horiek influencer-en eredutik aldendu nahian, Kutxa Fundazioaren Inspira Gazteak sariek ideiak, talentua edota konpromisoari lotutako bizi ibilbideak dituzten 20 eta 30 urte arteko bost gazte saritzen ditu urtero, aurrera jarrai dezaten 15.000 euroko diru sari bana emanez.
Iaz, Nereba Belzunegi Garate (Amara Berri, 1994) kirolaria izan zen Hezkuntza Berrikuntza ataleko saritua. Aurten, aldiz, kategoriak desagertu dira, eta beren burua aurkeztu duten 120 gazteetatik hautatutako bostetako bi dira Maddi Sara Goikoetxea Juanena bitartekari kulturala (Amara Berri, 1994) eta Sofia Ferreira Teixeira fisikaria (Porto, Portugal; 1994). Esparru oso bestelakoa badute ere, oztopoak oztopo beren bidea egiten aritzea partekatzen dute. Nor dira eta zeren eredu?
Norabide bila
Futbolean jokatzeko aukerarik ez zuelako, Belzunegi Ainhoa ahizparen urratsak jarraituta belar hockeyan hasi zen, ibilbide oparoa osatuta. Realeko jokalari profesionala izan da 2024ra arte, eta kirolari lotuta jarraitzen du bere eta beste bi jokalariren ekimenez sortutako Belar Hockey Eskolako koordinatzaile gisa. «Nire ibilbidearen berdina egin ahal izateko aukera eman nahi nien neskatoei, baina ikastetxearen arabera, ez zeukaten hockeya probatzerik. Aukera eman eta gustukoa bazuten, jarraitzekoa». Lehen urtean bost neskato bazituzten, egun 200 bat dituzte benjamin eta haur kategorietan, eta Realak kadete eta gazte taldeak atera ditu. Lehen belaunaldietako asko Espainiako selekzioan jokatu dute, eta lehen bost belaunaldietakoak heldu dira lehen taldera. «Itxi dugu zikloa eta martxan jarraitzen du gurpilak».
Emakumezkoen kirolaren esparruan lanketa egin den moduan, lan mardula aurrera eraman da ere azken urteotan emakume zientzialarien lekua ikusgarri egiteko. Liburuetan agertzen den ohikoetako bat —eta maiz bakarra— Marie Curie da. Hain justu, ikertzaile gazteentzako Marie Sklodowska-Curie beka batekin lanean dihardu Ferreirak Donostian. Kasualitatez deskubritu zuen Fisikarako grina, udako ikastaro batean parte hartu eta hura bere lekua zela sentitzean. Gradua, masterra eta doktoregoa eginda, bi dimentsioetako materialen alorrean ikertzen du Nanogunean. Aldi berean, zientziaren dibulgazioan ere badihardu zenbait ekimenetan, Emakumeak Zientzian, kasu; jakintza esparru hori gizarteari hurbiltzeko nahian.
Izokinek korrontearen kontra moduan, «bide disruptiboa» aukeratu du Goikoetxeak. Ez du zerbait produktiboa egiten eta ez du bide hegemonikoa jarraitu; bulkadetatik, nahietatik aritu da, eta haiei jarraituta lotu ditu ikasitakoak eta kateatu ditu formakuntzak. Gizarte Antropologiak kuriositateari ate bat ireki eta begirada kritikoa zorroztu dio, antzerkiak gorputzarekin konektatu du, eta beste diziplina batzuekin esperimentatzera eraman du; eta Arteterapiak, berriz, alderdi emozionalarekin. Batzuetan «zaila» izan dela dio. «Askotan joan naiz sinesmen eta beldur horien kontra. Esaten dizute ‘honek ez du zentzurik’ edo ez daukazu erreferenterik. Topatu ditudanean, oxigenoa modukoa izan da».
Hutsuneak bete
Hain zuzen ere, lehiaketara beren hautagaitza aurkeztu zuten, hein batean, belaunaldi berriei eurek izan ez zituzten ereduak emateko. Bakoitzak bere bidetik ekarpen bat egin nahi du. Goikoetxeak sormen arloko ekintzailetza sustatu nahi du, izan ere, «prekarioa dena bide gisa ere kontzebitzen ez duen jende asko dago». «Desprestigiatuta» badago ere, sormena edo artea, gizartea eraldatzeko tresna bat dela iruditzen zaio. «Ez dugu nahikoa aitortzen ez delako gizarte kapitalista honetan produktiboa den zerbait. Ikusezina da. Egiten ditudan gauza guztiek ukiezinerantz jotzen dute, baina niretzat ez dira, horregatik dira eraldatzaileak».
Artearen onurak bere azalean sentitu ditu eta gizarteari eskaini nahi dizkio bitartekaritza artistikoa baliatuta. Artea eta sormena «demokratizatzea» da bere apustua. «Oso zabalduta dago jendartean dohain jakin batzuk izatearekin lotuta dagoela, baina adierazpen artistikoa denok daukagun zerbait dela uste dut». Gainera, artea egiteko prozesua emaitzari lehenesteari gizarte eraldaketarako esperientzia bat dela deritzo.
Ferreirak iritzi bera du ezagutzari buruz, eta horixe baliatu nahi du eraldaketa sozialerako. «Denok izan beharko genuke zenbait gauza probatzeko aukera. Ezagutzak ez du lekurik hartzen eta aukerak sortzen ditu, ateak irekitzen dizkizu». Tamalez, ordea, zientzia jende askok ulertzen ez duen edo ulertu nahi ez duen ezagutza bat dela sentitzen du; «ez luke hala izan behar».
Islatzeko ispilu
Belaunaldi gazteagoek diziplina zientifikoak aukera gisa hartzeko ahaleginean, beren burua gai ikusten ez dutenak inspiratu nahi ditu Ferreirak. «Pertsona arruntak gara, edonor izan daiteke zientzialari eta ikas dezake zientzia. Eta beharrezkoa da. Egungo mundua zientzialari askoren lanaren emaitza da». Gizartea urruti nabari duenez, dibulgazioaren eta komunikazioaren bidez duen garrantziaz ohartarazi nahi du. Pint of Science egitasmoak tabernetan aurrera daramatzan topaketa informalen antzekoak antolatu nahi ditu: «Zientzialariak eta herritarrak kafetegi batean elkartu, zientzialari baten egunerokoa nolakoa den ezagutzeko». Alde pertsonalago batetik, ibilbide akademikoan lantalde baten buru bada, inklusiboa izaten ahaleginduko da, alegia, «gizatasuna zientziaren aurretik jartzen», izan ere, «ezin da zientzia onik egin gizatasunik gabe».
Belzunegiren kasuan, aldiz, eskola sortu zuenetik helburu nagusietako bat entrenatzaileak lehen taldeko jokalariak zen, eta horren bidez, neskatoak inspiratzea. «Zure entrenatzailea lehen taldeko jokalaria bada, egunero ikusi eta gertuko harremana baduzu, beragan isla zaitezke eta bide bat ikus dezakezu lehen taldera iristeko». Realean hasi zenean, bera baino hogei urte zaharragoak ziren jokalariekin jokatu zuen, 1992ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuten bost, tartean. «Horrek indarra ematen dizu». Ikasketekin uztartzen zuten kirol profesionala, eta minoritarioa izanik, beste balio batzuek pisu handiagoa dute. «Talde barruan zaudenean eskuzabala izan behar duzu. Topatuko dituzu izaerak zurekin bat ez datozenak eta argi eduki behar duzu une oro zein den taldearen helburua, ez zurea propioa». Baita disfrutatzea ere; aurrerago, kiroletik kanpo daudenean hobe jabetuko baitira kirolak eman dienaz.
Adibide izan
Ekarpen horri buruz galdetuta, jokalari ohiak nabarmendu du sozializatzeko gune berri bat eskaintzen diela neskatoei. Ikastetxeko talde finkoetatik atera eta jende berria ezagutzen dute, eskolan horren ondo ez daudenei beste talde eta babes bat emanez. «Ilusioa egiten dit hockeyko lagunak kuadrilla moduan kalean ikusten ditudanean». Onura psikologikoaz harago, gainera, kirola lagungarria ere badela dio sare sozialek erakusten dituzten estereotipo eta arrakasta eredu finkoei aurre egiteko. «Batetik, sakelakoa alde batera utzi behar dute entrenatu bitartean, eta bestalde, erreferente errealagoak izaten. Zure ispilu badira askotan gezurrezkoak edo idealizatuta dauden estereotipo batzuk, gertuagoko errealitate bat erakusten dizu. Pantailaren atzean ez dakigu zer den erreala».
Halaber, arrakastatsu izateko, ona izatera iristeko, prozesua luzea da, denbora asko eman behar diozu, konstantea izan. «Egun, sakelakotik dena klik bakarrera daukagu», eta ondorioz, frustrazio handia eragiten du zerbait epe motzera ez lortzeak. «Kirolean, hamabost urte eramanda ere, oraindik gauzak gaizki egiten dituzu. Hori beste esparru batzuetara eramango bagenu, asko lortuko genuke».
Beste bi kideen ibilbideak ere epe luzeko ahaleginaren emaitza dira. Ferreira bat dator influencer-en ereduak «horrenbeste meritu» ez duen baieztapenarekin, eta zentzu horretan, eurak askotariko aukerak dauden adibide dira. «Bakoitzak gure bidea dugu eta gure iraganarekin alderatu behar dugu gure burua. Hazi al naiz? Niretzat, enpresa bateko zuzendaria izanda ere, leku berean, gauza bera egiten aritzea, ez da arrakasta, ez naizelako ikasten ari. Inork ez du ezer egitea lortzen pasiorik gabe. Askotan, gazteek ez dakite zein den bere pasioa eta bide bat jarraitzeko beharra sentitzen dute, arrakasta hori delakoan».
Norberaren neurrira
Norberaren arrakasta, hortaz, ez da besteenaren berdina. Zer da, ordea? Goikoetxearen esanetan, ekonomiari eta aitortza sozialari lotu ohi zaizkio, maiz elkarrekin doazen bi arlo. Arrakasta eta porrota «deseraiki» egin behar direla uste du, uko eginez aitortza sozialari, kanpoan ikusten diren emaitzen beharrari. «Ezin gara bizi emaitza horien menpe ere, bestela bizitzan gozatzen duguna oso puntuala da». Bere proiektuari buelta bat emateko «denbora eta lasaitasuna» behar zituela eta, Goikoetxea Dantzagunean komunikazio arduradun gisa dabil lanaldi erdiz. «Hori irakur liteke porrot moduan, beste uneren batean hala egingo nuke; baina nire bidean konfiantza dut, emaitzak aterako dira». Horri lotuta, porrota aitortzeko beharra nabarmendu du. «Zergatik ez? Saiatu eta porrot egitearen halabeharrez batzuetan asmatu dut. Saritutako kideak ez gara super arrakastatsuak, ez gara iritsi mendi tontorrera, baina aitortu dute saiatu garela».
Porrotaren balioan bat datoz beste bi kideak. Mundu akademikoan «eguneroko ogia» da: argitalpenen ukoak, eman gabeko bekak… zalantza eragin badezakete ere, hazteko beharrezkotzat jo ditu ikertzaileak. Belzunegik, aldiz, unean uneko gisa ikusteko garrantzia nabarmendu du. «Gertakari txar edo ez gustukoak direnen bi aukera dituzu: aurrera jarraitu eta zoriontasuna bilatu edo porrotean gelditu». Bera umorez eramaten ahalegintzen da. «Iruditzen zait arrakasta hori dela, zure zoriontasunaren bila porrotak ez hain porrot bihurtzea. Arrakasta puntu asko lotzen dituen soka da, batez ere, atzera begiratzean ikusten da». Ohikoa den irudia gauza batean oso ona edo aberatsa izatearekin lotu ohi da, baina gogoratu duenez, hori ez da dena. «Oso arrakastatsua izan zaitezke lanean, kirol batean, aberatsa.. baina gero bizitzako puntu asko falta».
Iturritik edan
Babesteaz gain, sariak eredu baten beharra dutenen adibide bilakatu ditu. Eurak zerk inspiratzen ditu, ordea? Belzunegik gertu ditu bereak: «Aita futbolaria zen eta ama saskibaloi jokalaria. Txikitatik kirol guztietan aritu nintzen: tenisa, eskalada, balleta… Asteburuetan ere, mendira edo bizikletan ibiltzera. Ahizpa ere, ni baino urtebete nagusiagoa da eta bere pausoak jarraitzen joan naiz». Ferreirak ere ama aipatu du, gauza asko probatzeko eta nahi zuen bidea hartzeko aukera emateagatik; baita tesi zuzendaria ere, «zientzialari ona izateaz gain, gizaki gisa denagatik; pertsonengatik kezkatzen delako. Inoiz talde bat badut, halakoa izan nahi dut». Dejabu taldearekin identifikatzeaz harago, bere pasioarekin koherentea den jendeak inspiratzen du Goikoetxea. «Autentikoa dena bere pasioarekin. Norberak badaukalako bide bat eta bide horretan bere buruari leiala zaion jendeak inspiratzen nau».
Nereba Belzunegi. Belar hockey jokalari ohia.
![]() |
Santo Tomas Lizeoko kirol koordinatzaileak aitaren pausoak jarraitu, eta futbolean jokatzea eragotzi ziotenean «neska zelako», ahizparen moduan, belar hockeya egitea erabaki zuen. 9 urterekin hasi zen ikastolako taldean eta sei urte geroago Realera pasatu zen. Bizitza erdia, 29 urtera arte, aritu da bertan, Liga bat irabazi, Espainiako Kopako sei final jokatu eta Europako txapelketetan parte hartu zuten. 2019an Eurohockey Club Cupeko txapeldunorde izan ziren, ordura arte Espainiako estatuko beste inork lortu ez zuen emaitza «historikoa» erdietsita. Hurrengo urtean, 2020ko Urrezko Danborra jaso zuten, Espainiako Kopa irabazi zuen Realeko emakumezkoen futbol taldearekin batera. Berak izan ez zituen erreferenteak neskato gazteei emateko, 2015ean Belar Hockey Eskola martxan jarri zuten hiru jokalarietako bat da, eta bertako koordinatzaile da. Egun, Bera Berako eta Zubietako zelaietan aurrera eramaten dituzte entrenamenduak. Kirolaz harago, Zuzenbidea eta Enpresaritza gradu bikoitza ikasi zuen eta Astigarragako Herrekor enpresan lan egiten du. |
Sofia Ferreira. Fisikaria
Beti nerd bat izan dela dio: liburuzalea, ikasle ona, zientzia eta matematika zalea… baina bokazio argirik gabea. 15 urte zituela eskola egun baten amaieran ikusi zuen poster batek erakutsi zion bidea. Fisikari buruzko udako campus bat iragartzen zuen eta Portoko Unibertsitatean hura egiten «etxean» sentitu zen. Fisika gradua, masterra eta doktoregoa etorri ziren ondoren. Gogoan du doktorego eta doktorego ondoreneko ikasle gazteekin ikerkuntza buruz hitz egiteko parada izan zuela campus hartan, eta hori «itzela» izan zela berarentzat. Horregatik, zientzia bera jendartearentzat erakargarri egiteaz gain, Ferreiraren nahietako bat da zubi lana egitea belaunaldi gazteen eta zientzialarien artean. 2022tik Nanogunean dihardu bi dimentsioko van der Waalsen materialetak ikertzen. Europako Batasunaren Marie Skłodowska-Curie proiektu batean ari da lanean, zientzialarien arteko transferentzia xede duena. Horrez gain, European Magnetism Association-eko Young Officer da eta Nanoguneko Genero Berdintasun batzordeko burua. Aukerak baliatu eta lortu edo ez, onura bat bilatzen ahalegintzen da. |
![]() |
Maddi Goikoetxea. Bitartekari kulturala
![]() |
Txikitatik sormenari lotu da: idatzi, marraztu, antzeztu… Antzerkiak indarra hartu, eta bide hori jarraituko zuela bazirudien ere, bizipen «nahiko txarrak» izan zituen, eta ez jarraitzea erabaki zuen. Gizarte Antropologia ikasi, eta gradua amaituta, mundua ezagutzeko nahitik antzerkiarekin berriro konektatzen hasi zen. Jacques Lecoqen metodologian oinarritutako antzerki fisikoa ezagutu zuen Dejabu antzerki taldeari esker eta hura ikastera joan zen urtebetez Argentinara. «Kristoren bidaia izan zen. Egin dudan gauza erradikalenetako bat.Oso sakona eta aberatsa». Hortik, Arteterapiara pausoa eman zuen, Mexikon graduondoko bat eginda. Handik bueltan, 2020an, autonomo moduan tailerrak eman eta proiektuak garatu ditu. Esaterako, Euskal Herriko antzerki taldeen egoerari buruzko Ura jaten liburua, edota Sara Galan ilustratzailearekin batera Martuteneko kartzelako emakumezko presoekin aurrera eramandako Emakume sortzaileak barroteen artean arteterapia tailerra. Oraintsu, Badalabek Errenterian egindako Etorkisuneku erakusketa dinamizatu du tailer baten bidez. Halaber, Gipuzkoako Dantzaguneko komunikazio arduraduna da.
|