Kontxako bi banderak eskuratu nahi dituzte
Donostia Arraun Lagunak-ek laugarrena irabazteko abantaila izango du etzi. Donostiarrako neskak haien txanda irabaztera doaz, sailkapenean gora egiteko. Mutilek, berriz, itsaso mugitua nahi dute Kontxako badian balentria egiteko.

Itsasoa da Kontxako Bandera gehien baldintzatu dezakeena. Txandek eta kale zozketek baino gehiago. Lehen jardunaldian abantaila lortu zuten traineruek itsaso barea nahi dute, etzi jokatuko den bigarren jardunaldirako. Aldiz, mugitua nahiago dute azken emaitza irauli nahi dutenek. Hori oso presente izan beharko dute Donostia Arraun Lagunak-ek eta Donostiarrako neskek zein mutilek, igandean.
Hamar segundoko abantailarekin abiatuko da Lugañenea, pasa den igandean erakustaldia eman ondoren. Tolosaldea izan zen bigarren, eta Orio hirugarren. Bi ontzi horiek ditu gertuen, aipaturiko hamar segundora. Hortaz, ohorezko txandan parez pare izango dituzte, Zumaiarekin batera. Estropada jokatu berritan, Xubane Uribarrena arraunlaria oso pozik zegoen Arraunek egindako lanarekin: «Erlojuaren kontrako lana egin dugu, gure dinamikan zentratuta, eta gero besteek egingo zutenaren zain geratu gara. Pozik gaude estutu dugunarekin eta ateratako distantziarekin».
Aurreko urteekin alderatuta, Arraunek ez zuen sailkatze estropadarik jokatu —Euskotren ligako traineru donostiar onena izateagatik—. Hori abantaila bat izan ote den galdetuta, Uribarrenaren ustez ez zen horren mesedegarria izan: «Estropada bat gutxiago jokatzeak baliteke lagundu izana, besteek beste esfortzu bat egin behar izan dutelako. Dena dela, estropada dinamikatik deskonektatzen eta urruntzen zaitu». Horrela ere, freskotasunarekin ekin zioten lehen igandeari, eta nahi zuten emaitza eskuratu zuten.
Hamar segundoko errenta nahikoa izango ote da? Uribarrenak argi hitz egin zuen: «Lehen jardunaldiko baldintzekin, errenta polita izan daiteke. Ordea, badakigu Kontxa zer den, eta igandean baliteke olatu handiekin lehiatu behar izatea. Horrela izaten bada, hamar segundo ez dira ezer, bi olatu dira. Hankak lurrean izan behar ditugu, gure lana egin, eta denboraldian zehar erakutsi dugu aurrean egoteko gaitasuna dugula, eta horretara joan behar dugu. Etortzen dena etortzen dela, aurre egingo diogu».
Ezustekoaren bila
Donostiarrako neskak seigarren postuan geratu ziren, pasa den igandean. Astillero aurretik dute, ehuneneko batzuetara. Atzetik, berriz, Hibaika eta Hondarribia. Lehen jardunaldiaren bukaeran, Irati Merkader arraunlaria gustura zegoen egindako lanarekin: «Estropada txukuna egin dugu. Lehen txandatik bigarrenera haizea erabat jaitsi zen arren, nahiko ondo aritu garela uste dut». Sailkatze estropada jokatzea «lagungarria» izan zela aitortu zuen. «Txukun aritu ginen, estropada bikaina egin genuen. Beste poztasun eta bizitasun batekin geratu ginen», gaineratu zuen Merkaderrek.
Ohorezko txandatik kanpo geratu arren, ohorezko postuak gertu ditu Donostiarrak. Hortaz, erronka gisa hartuko dute igandeko estropada. «Gure txanda irabazi nahi dugu. Horrekin batera, ohorezko txandako beste lauei ere aurrea hartzen saiatuko gara», nabarmendu zuen Merkaderrek. Iaz, bigarren postuan bukatu zuen Donostiarrak, eta aurten hori errepikatzea zaila dirudi. Izan ere, aldaketa esanguratsuak izan ditu nesken traineruak: «Hamar arraunlari baino gehiago joan dira taldetik, eta aulki mugikorreko arraunlari askorekin osatu behar izan dugu trainerua. Blokea egonkortzea kostatu zaigu, baina azken txanpan hobeto gabiltza, eta ahalik eta ondoen aritzea da gure helburua».
Ezinezkoa?
Donostiarrako mutilek txanda irabazi zuten lehen jardunaldian, eta ohorezko txandan ariko dira etzi. Horrela ere, denboraldiko arerio gogorrenak aurretik dituzte Kontxan ere. Sentsazio gazi-gozoarekin zegoen Joxe Leibar arraunlaria, estropada bukatu ondoren: «Estropada ona egin dugu, baina uste dut zortea ez dugula alde izan. Igandean ohorezko txanda irabaztera aterako gara, eta dena ematera. Emaitza alde batera utzita, gure sentsazioak oso onak izan dira».
Oriori eta Zierbenari hamabost segundo kentzea «ia ezinezkoa» dela zioen Leibarrek. «Triste gaude desabantailarekin, baina gustura egindako estropadarekin. Lehen igandea izaten da bigarrenean bandera ez galtzeko estropada, eta ez dakit gure helburua bete dugun. Egia esan, bandera oso garesti dago», deitoratu zuen.
Aipaturiko arerio gogorrekin txanda berean aritu ez izanak, kalte egin zion Donostiarrari: «Hori uste dugu. Txandek eta kaleek estropadak baldintzatzen dituzte. Orduan, hausnarketa eginda, zortea ez dugu alde izan. Orio denboraldi honetan gu baino azkarrago ibili da, eta lehen igandean ere bai».
Dena dela, bigarren igandea falta da, eta dena posible da, baldintza jakinetan. «Itsaso mugitua eta olatu zikin samarrak behar ditugu. Garbiak badira, kosta egiten da hartzea. Zikina dagoenean, ipar haizearekin, hamabost segundo kentzeko aukera izango genuke», nabarmendu zuen Leibarrek.
Kontxako bi banderak hirian geratzeko uretaratuko dira hiru traineruak. Itsaso onari edo zakarrari aurre egin beharko diote helburua lortzeko. Arraunek eskura du laugarren bandera, baina uretan berretsi beharko dute akatsik gabeko estropadarekin. Donostiarrak, berriz, gizonezkoen hamabosgarren bandera irabazteko, hain zuzen ere, hamabost segundoko aldea jan beharko dute.