Donostia Arraun Lagunak-entzat laugarren bandera
Donostia Arraun Lagunak-eko neskak, Kontxako Bandera altxatzen. Joseba Parron Abantaila aprobetxatuta, estropada ikaragarria eginda, Donostia Arraun Lagunak-ek eraman du Kontxako bandera, laugarrenez. Abiadura bizian irten dira donostiarrak, eta une batean Orioren kalean sartu diren arren, bidea zuzendu, eta lasterketa borobila ondu dute. Kalerik okerrena egokitu zaio Lugañenea traineruari, eta, hala ere, erakustaldia emanda, bandera etxean geratzea lortu dute, berriro ere.
Donostiarrak saio polita eskaini du, berak irabaziz lehenengo txanda. Astillerok hiru segundoko zigorra jaso du Hibaikaren kalean sartzeagatik. Ez da gutxiagorako, laugarren geratu dira gaurko saioan, eta sailkapen nagusian. Jarraian, Janire Goñi arraunlariaren balorazioa ikus dezakezue:
Lauetan egon direnak
Bere historiako laugarren Kontxako Bandera eskuratu du gaur Donostia Arraun Lagunak-ek —azken hirurak jarraian—, eta Lugañenea ontziko eskifaian aritu diren bost arraunlari lau garaipen horietan egon dira: Xubane Uribarrena donostiarra, Marcia Larrea ondarroarra, Aiora Belartieta lasartearra, Lorea Etxabe sanjuandarra eta Ane Sanchez anoetarra.
Bestalde, klubak jakinarazi du traineruko talde teknikoak 2026an ere lanean jarraituko duela. Hain zuzen ere, nabarmentzekoa da Juan Mari Etxabe entrenatzaileak bere hamahirugarren Kontxako Bandera irabazi duela gaur. Jose Luis Korta da bandera gehien dituen entrenatzailea, hamaseirekin.
Gaurko txandaren denborak
1. Donostia Arraun Lagunak: 11:01,72
2. Tolosaldea: 11:09,24
3. Orio: 11:16,38
4. Donostiarra: 11:19,35
5. Hibaika: 11:31,69
6. Hondarribia: 11:31,71
7. Astillero: 11:31,91
8. Zumaia: 11:33,24
Sailkapen nagusiko denborak:
1. Arraun Lagunak: 21:30,92
2. Tolosaldea: 21:48,44
3. Orio: 21:56,42
4. Donostiarra: 22:13,67
5. Zumaia: 22:18,34
6. Astillero: 22:25,79
7. Hibaika: 22:28,83
8. Hondarribia: 22:30,59




