Milaka gazte Donostian, Txiki eta Otaegiren lekukoa hartzeko prest

Milatik gora gazte elkartu dira gaur Donostian, Ernaik antolatutako manifestazioan, independentzia aldarrikatzeko. Txiki eta Otaegiren fusilaketak oroitzeko ezker abertzalea egiten ari den kanpainaren barruan, omenaldia egin diete bi militanteei, eta haien oinordekotza eta lekukoa daramatela baieztatu dute.
Euskal Herri osotik etorritako gazteak 13:30ean abiatu dira Bulebarretik, ikurrinaz eta Nafarroako banderez jositako manifestazioan. Independentziaren aldeko oihuak izan dira martxa osoan zehar, baita Palestinaren aldekoak eta hildako gudarien ingurukoak. Askatasunaren etorbidean geldialdia egin dute, hain zuzen, Txiki eta Otaegiren pankarta zabaldu eta omenaldi txikia egiteko.
“Aurrera begira” dagoen gazte antolakundea izan arren, gaurko ekitaldiak asko izan du memoriatik. Ezker abertzalearen bilakaera historikoa ekarri dute gogora, nola frankismoari aurre egin zitzaion, “herri hau desagertzeko arriskuan” zegoenean; nola trantsizioan, “hausturaren eta erreformaren artean” erabaki zuen, “borroka” jarraituz; nola sortu ziren langile mugimenduak, herri eragileak, eragile feministak eta gazte antolakundeak. Izan diren borroka guztiei segida emango dion belaunaldia direla aldarrikatu dute gaur Ernaikoek.
Borroka “eguneratua”
Ekitaldi politikoan, gaur egungo koiunturari begiratu diote, eta beste belaunaldiekin dituzten eztabaidak ekarri dituzte erdigunera, gaur egungo gazte borrokaren balioa azpimarratuz: “Gauzak lehen bezala ez egiteak ez du esan nahi okerrago ari garenik”. Garaiko testuingurura moldatu eta tresnak sortzen ari da Ernai, “ikuspegi feminista” txertatuz, eta “militantzia bizigarriagoak” garatuz, esaterako.
Zentzu horretan, Ernai azken urteetan parte hartzen ari den borrokak eta egitasmoak izan dituzte ardatz: euskararen aldeko borroka, greba feministak, Palestinaren alde, besteak beste.
Independentzia, “zapalkuntza guztiak gainditzeko”
Amaiur Egurrola, Ernaiko bozeramaileak, hitza hartu du ekitaldi amaieran. Egurrolak independentziaren beharra aldarrikatu du, hori delako “zapalkuntza guztiak” gainditzeko bide bakarra: “Ez dugu etsiko, Euskal Herria askatu arte, euskaraz bizi ahal izan arte, gure ikurrak askatasunez astindu ditzazkegun arte, guk nahi dugun hori garen arte”.
Era berean, sistema kapitalistan “pitzadura” sortuko luke independentziak: “Independentzia delako, Euskal Herrian sistema kapitalista pitzatu eta zapalkuntza ororen gaindipera bidean egin dezakegun ekarpena. Espainiar eta frantziar estatuekin apurtu, erregimena garaitu eta garaiezina ez dela erakutsi eta Euskal Herrian zapalkuntzarik gabeko jendartea eraiki”.
Ekitaldia amaitzeko, Egurrolak oroitu du datorren irailaren 27an Sortuk ekitaldia egingo duela Iruñean, Txiki eta Otaegiren erailketen 50. urteurrenean. Borroka bera jarraitzeko beharra aldarrikatu du: “Faxistek ez zuten lortu. Milaka gara Txiki eta Otaegi gogoan Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan eta lanean ari garenak. Inoizko determinazio handiena Euskal Herrian independentzia, sozialismoa eta feminismoa lortzeko.”




















