Bagera Euskaltzaleen Elkartean jasotako kexa
Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak honako kexa hau jaso du, bagerakide baten partetik. Bagerakideak salatu du Groseko Fusion kafetegian euskaraz eskatzeagatik gaizki erantzun ziotela eta gertatutakoa kontatu du. Jarraian, kontakizun osoa:
«Martxoaren 30ean, igande goizean, Donostiako Trueba kalean, Fusion kafetegi-okindegira sartu nintzen, gosaltzeko asmotan. Zerbitzariak, gazteleraz, zer nahi nuen galdetu zidanean, hatz erakuslearekin arbelera zuzendu eta “hirugarrena” esan nion. Orduan, berak, “besterik?”, eta, nik: “Kafesnea soja esnearekin, con leche, con leche de soja”. Ordaintzeko eskatu zidan (aurrez ordaindu behar baita). Horraino, normaltasun osoz jardun genuen.
Kaxan beste langile bat zegoen, geroago nagusia zela esango zidana. Hark mahaiaren zenbakia galdetu zidan, eta, nik, “hamargarrena” adierazi nion, hatzekin. Jarraian, zer hartu nahi nuen galdetu zidan. Nik hatzekin eta arbelera zuzenduz “hirugarrena”. “¿Tostada?“. Baietz nik; eta, kafesnea soja esnearekin, con leche, con leche de soja, eta croissanta.
Orduan, gazteleraz ez al nekien galdetu zidan. Ezetz erantzun nion. Oso arraroa iruditzen zitzaiola ez jakitea, berak. Nik erantzun (gazteleraz) bi hizkuntza ofizialak banekizkiela eta aukeratu egiten nuela, noiz, zein erabili. Eta berak ulertu beharko lukeela. Gainera, ordura arte, elkar ulertzeko, ez genuela hitz gehiagoren beharrik izan esan nion. Tiketa eman eta ordaindu bitartean, gogortu egin zen bere jarrera: berak ez zuela inongo obligaziorik euskara jakiteko eta nire jarrera borondate txarrekoa zela esanez. Are gehiago, “hemen ez baduzu gazteleraz egiten, ezin dizugu zerbitzatu” bota zidan. Harik eta bezeroa behar bezala errespetatzen ez duen bitartean, horixe ez naizela itzuliko (gazteleraz), nire erantzuna.
Gero eta haserreago, “dirua itzuliko dizut eta ez dizut zerbitzatuko” esan zidan. Nik, berriz, ordaindu nuela esan, eta mahaian eseri nintzen. Nire atzetik etorri, eta dirua mahai gainean utzi zidan.
Altxatu, mostradorera joan eta (gazteleraz) nagusiarekin hitz egin nahi nuela esan nion, edo bestela erreklamazio orria behar nuela. “Nagusia ni naiz” erantzun, eta Kontsumobideko erreklamazio orria ekarri zidan. Euskaraz idatzi nuen, laburtuta, leku gutxigatik. Berari zegokion atala betetzeko eskatzean, nik idatzia ez zuela ulertzen, eta, itzultzeko norbait bilatu behar zuenez, hurrengo egunean joateko esan zidan. Nik erantzun, gertatutakoa idatzi behar zuela eta nahi zuen hizkuntzan egiteko, nik ez nuela arazorik. Horretarako, nirea ulertu beharrik ez zuela. Berak errepikatu euskara ez zuela ulertzen eta hurrengo egunerako prest izango zuela.
Astelehenean, ez zegoenez, asteartean itzuli nintzen. Ez ninduen ezagutu, edo hori zirudien, eta zer hartu behar nuen galdetzean erreklamazio orriaren bila nindoala azaldu nion. Orduan, esan zidan gestoreak esan ziola ez zuela euskaraz jakin beharrik eta ez zegokiola orria ematea. Argitu nion arazoa ez zela hizkuntza, baizik bere jarrera. Tinko eutsi zion esanez euskara jakitea exijitu niela. Nik, berriz, gezurretan ari zela, hitzik gabe elkar ulertu genuela, kobratu bazidan ulertu zuela. Bereari eutsiz, eskuarekin kanpora ateratzeko keinua egin zidan. “Vale, procederé de otra forma” erantzun, eta, atera egin nintzen.
Hori guztia bezeroen aurrean gertatu zen. Inolako pribatutasunik gabe».


