Donostiako 138 etxebizitza turistikoren iragarkiak kendu beharko dituzte plataforma digitalek

Plataforma digitalek –Airbnb, Booking eta Rentalia dira garrantzitsuenak– hainbat etxebizitza turistiko modu ilegalean alokatzen dituztela ebatzi du Espainiako Etxebizitza Ministerioak. Horren ondorioz, Donostian, 138 etxebizitza kendu beharko dituzte zerrendatik. Hego Euskal Herrian, denetara 701 izango dira: Araban 19, Bizkaian 279, Gipuzkoan 173 eta Nafarroan 230
Eldiario.es hedabideak jaso duenez, urte honen hasieran jarri zuen abian erregistroa Espainiako Gobernuak. Etxebizitza turistikoek eta sasoiko alokairuko etxebizitzek erregistro zenbaki bat eduki behar dute plataforma digitaletan iragarkia jartzeko. Uztailaren 1etik aurrera derrigorra da. Hala, Etxebizitza Ministerioak azaldu du plataforma digital nagusietan 53.876 etxebizitza turistiko ilegal atzeman dituela, eta plataformei eskatu die iragarkiak kentzeko. Ministerioko eledunek adierazi dutenez, erregistratzearen helburua da etxebizitza turistiko ilegalak eta sasoiko alokairuen iruzurra azaleratzea.
Erregistratzeko, eskaria egin behar da erregistratzaileen kolegioan. Pisu horren datu nahiko ez baldin bada jasotzen edo datuek araudia ez badute betetzen, etxebizitzak ez du lortuko erregistro zenbakirik. Ministerioak, erregistratutako pisuen datuak eta plataforma digitaletakoak gurutzatzen ditu, eta horrela atzematen ditu erregistratu gabe, alegia, modu ilegalean, plataformetan iragartzen ari direnak.
Plataforma digitalek beren webguneetan argitaratutako alokairuko etxebizitzen datu guztiak helarazi behar dizkiote ministerioari, besteak beste, urtean behin helarazi behar dituzte etxebizitza turistiko bakoitzaren jarduerari buruzko datuak edo sasoiko alokairuari buruzkoak, errentatzaileek emandako erregistro zenbakia, etxebizitzaren helbidea eta eskaintza egiten den iragarkiaren web helbidea.
Airbnb plataformak adierazi du erregistratzea lortu ez dutenen artean %10ak baino gutxiagok daukala iragarkia bere plataforman. Iragarki horiek kenduko dituela esan du. Gehitu du iragarle orori jakinarazi diola erregistro zenbakia behar duela, eta urtarriletik Espainian 70.000 iragarki gehiagok betetzen dutela araudia.