Realak garaipen eder batekin estreinatu du futbol zelai berria
Txuri-urdinek Sevillari erraz irabazi diote Zubietan (3-0), harrobiko jokalarien ekarpen garrantzitsuarekin.

Galdu gabe jarraitzen du Realak, bigarren garaipena kateatu ondoren. Dena dela, larunbatekoa bereziagoa izan zen. Emakumezkoen taldeak estreinatu zuen Zubietako zelai berritua, orain gutxi arte z7 izena zuena. Txuri-urdinek Sevilla aise menderatu zuten (3-0), joko maila oso onarekin. Gainera, harrobiko bi jokalari gaztek gola egin zuten: Aiara Agirrezabalak —sasoiko hirugarrena— eta Intza Egigurenek. Bestea Lucia Pardok egin zuen. Hiru jardunaldiren ostean, Reala sailkapen nagusiko hirugarren tokian dago zazpi punturekin.
Mutilek, ordea, dena kontra izan zuten Anoetan, Real Madrilen kontra. Porrota baino tristeagoa izan zen galtzeko modua (1-2). Akats propioek kondenatu zuten taldea lehen zatian, defentsa oso bigunaren erruz. Dena dela, madrildarrek ere huts larri bat egin zuten. Mikel Oiartzabal kapitainak Dean Huijsen atzelariari aurrea hartu, honek falta argia egin, eta azken atzelaria zenez, epaileak txartel gorria atera zion. Bat gutxiagorekin, bisitariek bigarren gola egin zuten, tamalez. Halere, bigarren zatian txuri-urdinek norgehiagoka berdintzeko aukerak izan zituzten. Are gehiago, hori bera merezi izan zuten. Oiartzabalek berak penaltiz laburtu zuen distantzia, baina bigarren golik ez zuten egin. Ligako lau partida jokatuta, sailkapeneko zuloan da Reala. Bestalde, John Benjamin Toshack entrenatzaile izandako omendu zuten, baina ezin izan zioten garaipenik eman.
Eskubaloian, Bera Berak liga erregularrean ere dena irabazi nahi du. Arerioek, ordea, ez dizkiote gauzak erraztuko. Horixe bera gertatu zen Gaskan Kanaria Handiaren kontra jokaturiko neurketan. Estu hartu zituzten donostiarrak, baina eustea eta errematatzea lortu zuten, azken txanpan. Horrela, hirutik hiru partida irabazi dituzte ligan, eta lidergoaren jabe dira, momentuz.
Belar hockeyan, ondo baino hobeto hasi du liga Realak. Etxetik kanpo aritu ziren, Bartzelonaren zelaian, eta garaipen paregabea lortu zuten (2-6). Pasa den denboraldiko joera ona mantentzea izango da txuri-urdinen helburua.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Reala 3 – Sevilla 0
Gizonezkoen liga, 4. jardunaldia
- Reala 1 – Real Madril 2
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Bera Bera 30 – Kanaria Handia 27
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 1. jardunaldia
- Bartzelona 2 – Reala 6