'Gaua' filmarekin abiatuko da Beldurrezko Astea
Urriaren 31n eskainiko dute Kursaalean Paul Urkijo Alijo zuzendariaren pelikula, Sitgesen estreinatu ondoren.

Badator 36. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Urriaren 31tik azaroaren 7ra bitarte izango da, eta programazioaren aurrerapena egin dute. Urriaren erdialdean jakinaraziko dute osoa.
Paul Urkijo Alijo zinemagile gasteiztarraren Gaua filmak emango dio hasiera Beldurrezko Asteari. Hori bai, ezohiko leku batean: Kursaalean. Urriaren 31n izango da, eta egun gutxi batzuk lehenago eskuratu ahal izango da ikusteko sarrera. Izan ere, urriaren 27tik aurrera jarriko dira salgai sarrera solteak. Abonuak, berriz, urriaren 23tik aurrera.
Irati filmarekin gertatu moduan, Gaua ere Sitgesko zinemaldian estreinatu ondoren iritsiko da Donostiara. Oraingoan, XVII. mendean girotutako euskal mitologiako gauaren munduan murgilduriko lana aurkeztuko du Urkijok. Gaueko izakien mundu kezkagarria eta landa eremuko sineskeriaren iruditeria uztartzen ditu, misterioz, emozioz eta epikaz blaitutako unibertsoa sortzeko. Sarrerarik lortzen ez duenak, azaroaren 14tik aurrera ikusi ahal izango du zinema aretoetan.
Hamabi film
Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapenari dagokionez, eskainiko dituzten hamabi film luzeren izenburuak eta sinopsiak aurreratu dituzte. Hauek dira pelikulak: The Creeps, The Curse, Deathstalker, Decorado, Dog of God / Dieva Suns, A Love Tale, New Group, Other, Que ma volonté soit faite, Redux Redux, A Useful Ghost eta La Virgen de la tosquera.